Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Gol festa, Eibar borrokan mantentzeko eta Amorebietari kolpe latza emateko

Sekulako eraso erakustaldia eskaini zuten armaginek, baina ez da nahikoa igoera zuzeneko postuetara itzultzeko. Talde bizkaitarraren atsekabea bikoitza da, porrotak ondorioak baitauzka: zazpi puntukoa da jada neutralizatu behar duen aldea.

Jon Bautistaren ospakizuna, partidako laugarren gola sartu ondoren.
Jon Bautistaren ospakizuna, partidako laugarren gola sartu ondoren. (SD EIBAR)

Ezinezkoa zen derbitik denak pozik irtetea. Puntuak Eibarren poltsikoan geratu ziren. Ospakizuna, edonola ere, ez zen erabatekoa izan, denboraldiko garaipenik zabalena ez baitzen nahikoa izan igoera zuzeneko postuetara itzultzeko, Valladolidek eta Leganesek beren partidak irabazi baitzituzten. Armaginen garaipenaren faktura muturreko egoeran dagoen Amorebietak ordaindu du. Aurrekoan ez bezala, logika nagusitu da asteburuko emaitzetan, azken sei sailkatuen artean garaipena lortu duen bakarra Albacete izan baita, orain salbazioaren muga markatzen duena. Zazpi puntuko aldea neutralizatu behar dute bizkaitarrek geratzen diren lau jardunaldietan.

Eibarri kezkak pilatu zitzaizkion partidaren aurretik, emaitzaren magiaz desagertu ziren arren. Nolaskoainen eta Matheusen bajei Sergiorena gehitu zitzaien azken unean, arazo fisikoengatik. Vencedorri laguntzeko Mario Soriano atzeratuz konpondu zuen Joseba Etxeberriak, eta Corpas hamaikakora itzuliz, Aketxerekin eta Stoichkovekin batera hiruko lerroa osatzeko. Jandrok, bere aldetik, Plantion puntu bat erreskatatu zuen talde bera zelairatu zuen.

Talde biek intentsitatez eta anbizioz ekin zioten neurketari, baina nabarmenagoak ziren armaginen argitasun eta sakontasuna, eta armaginenak izan ziren golak ere. Arbillak buruz zoragarri errematatu zuen korner bat lehen zutoinean, eta Stoichkovek bigarrenean bultzatu zuen, bere taldea aurreratzeko eta bide batez hiru hilabete eta erdiko lehortearekin amaitzeko.

Amorebieta tinko jarraitzen saiatu zen, baina Eibar geldiezina da inspiratuta dagoenean. Praktikan ipini zituen erasoko konbinazio guztiak bigarren golaren bila, ordu erdian luxuzko jokoa eskainiz. Ia atsedenaldira arte itxaron behar izan zuen, hala ere, aldea handitzeko. Eta VAR-aren beharra ere izan zuen, epaileak ikus zezan Etxeitak Stoichkovi egindako penaltia, Aketxek kanoikada batez sartu zuena, 2-0koa egiteko.

Aseezin, Eibar bere horretan itzuli zen aldagelatik, eta bigarren zatia hasi bezain laster Corpasek hirugarrena sartu zuen, Stoichkovek eta Bautistak diseinatutako jokaldia burutuz. Talde bizkaitarrak kolpea igarri zuen eta denbora batez fedea falta izan zitzaion asmo onei laguntzeko.

Aulkira begiratu zuten entrenatzaile biek, eta hasiera batean Jandrori hobe irten zitzaiola eman zuen. Bere taldeak, behintzat, konbikzioa berreskuratu zuen, goian berriro estutu eta bere aurkariari zailtasunak sortzeko. Baina, Berrocal euskarrian Venancio sartu ondoren eta Konrad erasoari oxigenoa emanez, Eibarrek azkar erantzun zion kontraerasora, berriz arrisku handia sortuz. Eta gol gehiago sartuz. Benetan politak, bai Bautistarena, Konraden pasez, bai eta estatubatuarrak berak sartutakoa ere.

Azken unean, Lucak goiko taldekideen festarekin bat egin zuen, Amorebietaren gola saihestuz, Gayak plantxan errematatutako burukada kornerrera bidaliz.