GARA
BRASILIA

Brasil hegoaldeko «klima tragedia» gehiago larritu da: ehun hildakotik gora daude

Atertu arren, uholdeak ez dira bukatu Porto Alegren eta beste ehunka hiritan. Ur eta elikagai hornidura arazo handiak daude Brasil hegoaldean, inoiz ikusi gabeko klima hondamendian. Rio Grande do Suleko Guaiba ibaia 5,30 metrora iritsi zen asteburuan.

Porto Alegreko erreskate lanak, astelehenean.
Porto Alegreko erreskate lanak, astelehenean. (Nelson ALMEIDA | AFP)

Sekula ikusi gabeko uholdeek kolpatu dute Brasil hegoaldea. Atzo 90 hildako, 132 desagertu eta 389 zauritu zenbatu zituzten, kalte material handiez gain. «Klima tragedia» sufritzen ari direla ohartarazi zuen Luiz Inacio Lula da Silva presidenteak. «Ez zuen inork irudikatzen haren dimentsioa, eta ez da bukatu. Ura jaisten ari da, eta beste herri batzuetara iritsiko da. Oso larria da», nabarmendu zuen EBC sare publikoan emandako eta Efe agentziak jasotako elkarrizketa batean.

Argentinarekin eta Uruguairekin muga egiten duen Rio Grande do Sul estatuko ibai nagusiek inoiz ez bezala oka egin zuten, eta 388 herritan sortu zuten hondamena. Gutxienez 153.000 pertsonak etxea utzi behar izan zuten.

EHUNKA LAGUN, ERRESKATATZEKO ZAIN

Herri ugari bakartuta zeuden, komunikazio eta oinarrizko zerbitzurik gabe. Porto Alegre hiriburuan eguzkia atera zen astelehenean, baina toki anitzek urpean segitzen zuten. 1,4 milioi biztanleko hiri honetan beren etxeetan harrapatutako pertsonei laguntzen ari ziren.

Sao Joao auzoan, iparraldean, dozenaka itsasontzi sartu arren, bizilagunak beldur ziren gutxiegi izango ez ote ziren. Ehunka pertsona zeuden erreskatatzeko zain, AFP agentziak baieztatu zuenez.

«Erreskatatu eta aterpe batera eraman behar ditugu», esan zuen Andrey Rocha bat-bateko salbamendu bat antolatu zuen 36 urteko langile publikoak. Agintariek oraindik isolatuta zeuden pertsonei laguntzea zuten lehentasuna. Horrez gain, biztanleriari ura eta energia segurtatzeko ere lanean ari ziren. Izan ere, Porto Alegreren zati handi bat (bi hirurenak baino gehiago) ur hornidurarik gabe zegoen. Horrenbestez, ura behar denerako bakarrik erabiltzeko agindu zuten.

«Merkatuan ez dugu ia ezer aurkitzen. Hiru egun dira jada ura falta zaigula», penatu zen Neucir Carmo, 62 urteko Floresta auzoko bizilaguna.

Bestalde, giza laguntza bideratzen eta aterpeak eraikitzen ari ziren, milaka biktima artatzeko.

Fenomeno meteorologiko hau, eurite historikoak eragin eta kaleak ibai bilakatu zituena, klima larrialdiari egotzi zioten adituek eta Brasilgo Gobernuak. Elkarrizketan, laguntzeko erabateko konpromisoa erakutsi zuen Lulak. «Ez da baliabiderik faltako», hitzeman zuen lider aurrerakoiak.