Martxelo DIAZ - Maddi TXINTXURRETA

Palestina babestu eta israel salatzeko kanpaldiak

Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelen erasoa salatzeko astelehenean EHUn eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) abiatu ziren kanpaldietan, lehenengo ekintzak jarri zituzten martxan atzo. Elkartasun argazkiak atera zituzten eta kanpaldiaren arrazoiak azaltzeko pankartak prestatu eta paratu zituzten.

Leioako campusean Palestinari elkartasuna adierazteko atera zuten argazkia.
Leioako campusean Palestinari elkartasuna adierazteko atera zuten argazkia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

EHUko campus nagusietan (Leioa, Ibaeta eta Gasteiz) eta NUPekoan Palestinaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira astelehenetik, munduan barrena unibertsitateetan martxan diren mobilizazioei jarraipena emanez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan 40 bat lagunek pasatu zuten kanpin-dendetan astelehenetik astearterako gaua. Goizean, indarrak berritzeko gosaria prestatu, ingurua txukundu eta kanpaldiaren eguneko programa prestatzeari ekin zioten. Hitzaldia, elkartasun argazkia eta beste zenbait ekimen zituzten egunean zehar.

Propaganda da lanik garrantzitsuenetako bat horrelako ekimenetan. Israel estatu genozida dela zioten pankartak prestatu eta paratu zituzten Arrosadiko campusean. Beste batzuetan, Palestina pairatzen ari den erasoan Mendebaldeko estatuek duten erantzukizuna salatzen zen. Erresistentziaren aldeko mezuak ez zituzten ahaztu, «Palestina libre» eta «Palestina askatu» ziotenekin batera.

Goizean zehar eskuorriak banatu zituzten, kanpaldiaren zergatiak azaltzeko. Mobilizazioaren lehen aldarrikapena «genozidioa berehala eten» dadila da. Horrekin batera, «palestinar herriaren askapena» eskatzen dute: preso politiko guztiak askatzea, errefuxiatuak itzultzea, Palestinako lurra deskolonizatzea eta «ibaitik itsasora arteko klase eta zapalkuntzarik gabeko Palestina aske bat eraikitzea».

Hego Euskal Herriko beste campusetan bezala, Nafarroakoan ere goizean argazki solidarioa egin zuten, ekitaldi nagusia. Klase arteko tarte bat aprobetxatu zuten horretarako. «Palestina askatu! Israel borrokatu, desnormalizatu, suntsitu» zioen pankartaren atzean jarrita, NUPetik sostengua bidali zieten eraso sionista pairatzen dutenei. Palestinako eta PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearen banderak ere ikusten ziren. Antzeko argazkiak egin zituzten beste campusetan ere.

Donostiako campusean Ibaetan gaua eman zuten 30 kanpin-denden inguruan batu ziren elkartasun argazkia egiteko. Goizeko zaparradek bustita utzi zituzten dendak, baina kanpaldiarekin jarraitzeko asmoa zuten ikasleek. Asanbladetan erabakiko dute protestak zein norabide hartuko duen.

«ISRAELEN KONTRA»

Ibaetako deialdiak hainbat ikasle batu zituen kanpaldira, «batetik, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta, bestetik, mundu mailan kanpaldietan ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko», Ikasle Abertzaleak taldeko Beñat Astizek zehaztu zuenez.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak ere mundu mailan piztu den mugimendura batu dira aldarrikapenekin bat egiten dutelako, baina garrantzitsua deritzote, aldi berean, bertako erakundeak interpelatzea, Israelen «sarraskiaren konplize batzuk hurbil» daudela iritzita. Astizek nabarmendu zuenez, EHU da konplize horietako bat, «anbiguoa» izan baitzen, bere ustez, unibertsitateak Palestinako «hondamendi humanitarioa» salatzeko ondu zuen manifestua. «Gainera, badakigu sarraskian parte hartzen duten enpresa batzuekin harremana duela», gehitu zuen.

Unibertsitateak nahiz alderdi politikoek harreman horiek guztiak eten ditzaten presio egiteko asmoa dute kanpaldian, ikasleak agertu zuenez.