Krisia heldu da Kanakyraino
Gaizki esana izango da, baina heldu da Ozeano Barearen hego-mendebaldeko krisia Kanakyraino. Gaizki esana, ematen baitu ingurumari hartan bazebilela krisi bat eta Kaledonia “Berria” (zaharra, non ote? A, bai!) deitu ohi duguneraino iritsi dela adierazi nahi dugula. Eta egiaren erdiaren erdia baino ez litzateke hori. Gezurra, beraz.
Bazen, baziren krisiak Ozena Barearen hego-mendebaldeko uhartedietan. Eta Kaledonia Berriak bazuen berea; agian, zona osoko bortitzena. Kolonizatzaile egoskorrena suertatzen zitzaiolako. Deskolonizazioaren krisiak zirelako haiek. Metropoli kolonizatzailea eta bertako kolonizatuak (eta nazioarteko legedia) aurrez aurre jarrita, «bertakoa» zen krisia. Orain ez.
Orain mundu mailako, edo gutxienez, hemisferio osoko zerbait dute. Askoz gertuagokoa duten arren, ingurumari hartatik ia inoiz agertu ez den Txinaren «espantsionismoa» kate motzean lotu beharraren mamuak hauspotzen duena.
Duela 80 urte pasa kolonizatzaile zaharren eta espantsio grinaz zetorren berriaren artekoaren errepika lirudike. Beste baliabide batzuekin. Oraingoz. Baina orduko guztiek elkar hartuta orain... Bertakoen onurarako omen. Beti bezala.
Jakina, oraingo krisi hemisferikoa deskolonizazio krisiekin teilakatu egiten da, aurrekoa ez baitzen inoiz erabat ebatzi.
Kanakyko kasuan, zaharrak eta berriak bat egin dute guztiz. Baina Papua-Ginea Berrian, Salomon Irletan, Bougainvillen, Vanuatun, Fijin... dinamika bertsua antzematen da sakonean. «Deskolonizazioaren alderantzia» deitu ohi diot nik neure artean.
Kanakyko krisiaren irakurketa «metropolitarrak», europarrak, zuzen epaitzen du auziaren eite etikoa: ez da batere txukuna arauak, zeuk ezarritakoak, jokoaren erdian aldatu nahi izatea. Baina, agian, ez du aintzat hartzen haren sustrai (geo) politikoa: jokoa bera aldatu egin du Parisek. Hauteskundeak, botoak, goi-estrategiaren apaindura hutsak dira.
Deskolonizazioa ez dago jada agendan... inoiz egon bada.

El problema no son solo las formas, sino un fondo sin garantías desde 1979

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco
