GARA
DONOSTIA
TXIRRINDULARITZA

Espainiako txapelketa irabazita, sasoi aparta berretsi du Ostolazak

Pirinioetako Tourrean etapa bat eta sailkapen nagusia bereganatu eta astebetera, Espainiako txapelketa irabazi du zarauztarrak. Laboral Kutxak emaitza onak pilatu ditu, Iurani Blanco bigarrena izan baitzen, eta Eneritz Vadillo, 23 urtez azpiko azkarrena.

Usoa Ostolaza, El Escorialeko helmugan, garaipena ospatzen.
Usoa Ostolaza, El Escorialeko helmugan, garaipena ospatzen. (SPRINT CYCLING | LABORAL KUTXA)

«Askotan, burua da garrantzitsuena, sinestea eta daukazun guztia ateratzea. Hankek erantzun didate, neukan guztia atera dut, eta azkenean indarrez aurkitu naiz lasterketa irabazteko. Nire buruari esaten nion ‘beti dago minutu bat gehiago sufritzeko’ eta azkenean lortu dut». Modu honetan deskribatu zuen bere azken garaipena Usoa Ostolazak. Espainiako txapelketa bereganatu zuen atzo zarauztarrak, azken lehiaketa asteari -eta hilabeteari- ginga jarrita.

Eibarko Sari nagusian bigarren, Andaluziako Itzulian bosgarren, Pirinioetako Tourrean garaipena, bai eta Espainiako txapelketan ere... Hilabete aparta osatu du zarauztarrak. Apenas igaro dira zazpi egun Aubisquen, Pirinioetako Tourreko azkenaurreko etapan, eskuak zerura luzatu eta garaipen handia ospatu zuela. Sailkapen nagusia ere bereganatu zuen zarauztarrak eta, astebete geroago, Estatu espainoleko txirrindularien artean sasoi onenean dagoena dela ere berretsi zuen.

Bukaerako garaipena Ostolazarena izan bazen ere, talde lana funtsezkoa izan zen. Iurani Blanco taldekidearekin batera, Mavi Garcia (Movistar) akitu baitzuten, El Escorialen (Madril) hasi eta bukatu zen lasterketan zehar, 116 kilometro eta 1.800 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean.

Valentziarra bere bosgarren garaipena bideratzear zirudienean, Ostolaza eta Blancok ederki erreakzionatu zuten. Une batez atzean gelditu ziren, baina, azken ahalegin bati esker, Garcia aurreratu eta bien artean lehiatu dute garaipena.

«Garaipen hau talde osoarena da, haiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako. Talde ona genuen eta horrek abantaila ematen zigun. Gure aukerak oso ondo jokatu ditugu. Iuraniren ihesaldiari esker, dena alde izan dut», azaldu du Ostolazak.

IURANI BLANCO, OLDARKOR

Hain zuzen ere, Iurani Blanco izan zen erasora jo duen lehen txirrindularia, helmugatik 26,3 kilometrora. El Escorialeko helmugarako 15 kilometroren faltan, minutu bat eta 13 segundoko tartea atera ziola hautagaien taldeari.

Atzetik, Mavi Garciak are gehiago murriztu zuen garaipena lortzeko hautagaien taldea, eta Abantosko igoera zorrotzean egoera estutu zuen, 25 segundora hurbilduta.

El Escorialeko San Lorentzo monasteriorako azken igoera erabakigarrian eta helmugarako 2,1 kilometroren faltan, erasora jo zuen Mavi Garciak eta Blanco aurreratzea lortu zuen. Bide beretik ekin zuen Ostolazak ere, indarrak ondo neurtu zituen erakusgarri.

Taldean igo ziren hiruak eta Laboral Kutxak bere indarguneak erakutsi zituen, Ostolaza eta Blanco tandemarekin. Hala, 500 metroren faltan, valentziarra hauspo gabe geratu zen eta balearrak eta zarauztarrak lehiatu zuten garaipena.

Ostolaza helmugaratu zen lehendabizi, 3 ordu 8 minutu eta 56 segundoko denborarekin. Bost segundo beranduago iritsi zen Blanco, eta Garcia, bederatzira.

ENERITZ VADILLO

Laboral Kutxaren emaitza onak 23 urtez azpiko lasterketara ere iritsi ziren Eneritz Vadillorekin. Gorlizkoak, herenegun, erlojuaren aurka, zilarra irabazi zuen eta, atzo, errepidean, azkarrena izan zen gazteen artean. Lehen multzoan eutsi zion eta Paula Blasirekiko tartea ireki zuen galtzada-harrian, ibilbideko azken txanpan.