GARA
BERANGO

Lakuak lankidetza eskaini dio Berangoko Udalari, pertsona etxegabeei laguntzearren

Datorren astelehenean Biltzen zerbitzuak eta Berangoko Udalak elkarlanari ekingo diote, bertako baso batean dauden etxerik gabeko pertsonen egoera konpontze aldera.

Legarreta, Aginagalde eta Perez, atzo, Berangon.
Legarreta, Aginagalde eta Perez, atzo, Berangon. (IREKIA)

Astelehen honetatik aurrera, Biltzen zerbitzuak, Berangoko Udalarekin batera, etxerik ez duten pertsonei bere zerbitzuak eskainiko dizkie eta banakako erantzunak ematen saiatuko da. Xabier Legarreta Lakuako Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendaria Itziar Aginagalde alkatearekin eta Javier Perez Biltzen Integraziorako eta Kulturarteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuko zuzendariarekin bildu zen atzo Berangon, udalerri horretako baso batean kanpatuta dauden eta bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonen egoerari irtenbidea emateko laguntza eskaintzearren.

Gazte horien egoerari ikuspegi horretatik heldu behar zaiola defendatu zuen, etxegabetasunaren ikuspegitik, eta ez immigrazioaren ikuspegitik. Horri dagokionez, zuzendariak eta alkateak gogorarazi zuten Uribe Kostako Mankomunitateak -Barrika, Berango, Gorliz, Plentzia, Sopela, Lemoiz eta Urduliz udalerriek osatuak- dituela betebeharrak etxerik gabeko pertsonentzako arretaren arloan. «Hala ere, ez du kontingentzia hori aurreikusi, eta ez da prestatu zuzenean edo beste udal batzuekin edo hirugarren sektore sozialarekin egindako akordioen bidez erantzuteko», adierazi zuen Lakuako ordezkariak.

Hori dela eta, Xabier Legarretak, Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren izenean, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalak gonbidatu zituen «etxerik gabeko pertsonen bi urtez behingo zenbaketarekin bat egitera, pertsona horiei arreta emateko baliabide deszentralizatuak sortzeko lan prozesuekin bat egitera, gizarte zerbitzuen maparen arabera, haiek duten gaitasuna handituz» eta, era berean, «familia laguntzarako sarerik ez duten gazte migratzaileen edo ez migratzaileen profilari zuzendutako erantzun berriak bideratzera».