Bost pertsona zauritu dira suak hartu duen Mutrikuko eraikin batean
Suak Mutrikuko alde zaharreko eraikin bat kiskali zuen atzo, eta bost bizilagun zauritu ziren. Gipuzkoako herri horretako Udalak jakinarazi zuenez, eraikina eraistea planteatzen ari dira, segurtasuna bermatze aldera. Bestalde, Nafarroako Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuak ere su hartu zuen larunbatetik iganderako gauean.

Mutrikuko etxebizitzen eraikin batek su hartu zuen atzo goizean, eta bost pertsona zauritu ziren. Suhiltzaileek sutea itzaltzea lortu zuten, baina eraikinak kalte larriak ditu, eta segurtasuna bermatzeko eraistea planteatzen ari da Udala.
Atzo festak hasi zituen Gipuzkoako udalerriko alde zaharreko eraikina suak hartu zuen 08.30ak aldera. Gipuzkoatik eta Bizkaitik iritsitako suhiltzaileek eguerdian itzaltzea lortu zuten. Eraikin horretako eta aldamenekoetako bizilagunak etxetik atera zituzten, horietako batzuk balkoietatik, kamioiaren garabia erabilita.
Bost pertsona zauritu ziren, eta horietako bi Gurutzetako ospitalera eraman zituzten kea arnasteagatik, Lakuako Segurtasun Sailak adierazi zuenez. Erredurak ere bazituzten, baina ez oso larriak, itxuraz.
Suteak kalte larriak eragin zituen eraikinaren egituran; horregatik, Mutrikuko Udalak esan zuen eraistea planteatzen ari dela, segurtasun arazoak saihesteko helburuz.
Hala ere, erabakia hartu aurretik, eraikinaren kalteen inguruko azterketak egin behar dituztela azaldu zuten Udaleko iturriek. Eraistekotan, ez lukete berehala egingo, zehaztu zuten.
SUA EZKABAKO SAN KRISTOBAL GOTORLEKUAN
Bestalde, Nafarroako suhiltzaileek atzo goizean goiz erdietsi zuten Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan gauean piztu zen sutea itzaltzea.
SOS Nafarroaren larrialdiak kudeatzeko zentroak esan zuenez, 00:26an jaso zuen sutearen abisua, eta Cordovillako suhiltzaileak, Ingurumeneko basozainak, Foruzaingoa eta Guardia Zibila bertaratu ziren ezbeharraren tokira.
Suhiltzaileak iritsi zirenerako, sua gotorlekuaren barruan itxita zegoen, eta, ondorioz, langile militarrek bertaratu behar izan zuten, instalaziora sartu ahal izateko.
Barruan langileak sutea itzaltzen hasi ziren, eta egiaztatu zuten gotorlekuaren teilatuetako bik, landareez estalita zeudenek, kalteak zituztela.
Haizeak sutea itzaltzeko lanak zaildu zituen, eta suhiltzaileak gotorlekutik atera eta eraikinaren kanpotik aurre egin behar izan zioten suari. Goizeko 05.00ak aldera lortu zuten kontrolatzea, eta suhiltzaileak 07.00etarako erremate lanetan ari ziren.
Halaber, helikoptero bat mobilizatu zuten goizean, ingurua ezagutzeko eta puntu beroetan ur deskargak egiteko.
SOS Nafarroa larrialdi zerbitzuak jakitera eman zuenez, sugarrak ikusi zituztela baieztatzen zuten herritarren mila dei baino gehiago jaso zituzten larunbatetik iganderako gauean.
Aurrerantzean, Nafarroako Foruzaingoaren Ingurumena Babesteko Brigadaren ardura izango da sutearen arrazoiak ikertzea, oraindik argitu gabe baitaude.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
