Luzia Urigoitia, inpunitate polizialaren itzalpean

28 urte zituen Luzia Urigoitiak Poliziak hil zuenean. 1987ko uztailaren 23an, Trintxerpen burututako polizia operazio batean bizia galdu zuen otxandiar gazteak, eta haren heriotzaren ondotik martxan jarri ziren frogen ezkutatze eta bertsio ofizialen eraikitze mekanismoek inpunitate polizialaren itzala noraino iristen den erakutsi zioten -beste behin ere- euskal gizarteari.
Koka gaitezen: ostegun gaua da Trintxerpen eta giroa iluntzen hasi da. Kalez jantzitako poliziek hartua dute Pasaiako auzoa, sarrerak itxi ditu Guardia Zibilak eta Renteria kaleko 3. zenbakiko bizilagunei ez diete etxeratzen uzten. Balen aurkako txalekoa jantzita daramaten agenteek inguruan dabiltzan herritarrak hormen kontra jarrarazi eta katxeatu egiten dituzte, metrailetak altuan dituztela. Beldurra eta haserrea nagusitzen hasi dira giroan.
Etxebizitza barruan zer gertatu zen bertan zeudenek baino ez dakite. ‘‘Egin’’-en biharamunean argitaratutako kronikak bizilagunek ikusitakoa bildu zuen: gertuko taberna batean zeudenek 15 guardia zibil inguru ikusi zituzten portalean sartzen. Bizilagunek, pauso hotsak eskaileratan gora, eztanda bat eta tiro hotsak. «Ez ziguten leihoetara hurbiltzen utzi, ezin izan genuen ezer ikusi», esan zuten. Irratizale batek ‘‘Egin’’-i adierazi zionez, Guardia Zibilaren frekuentzian honakoa entzun zuen: «Ea denak akabatzen dituzuen, eta horrela mozkortzera joango gara». Bizilagun gutxi batzuek Alicia Pereira, etxebizitzaren jabea, ileetatik tiraka bi guardia zibilek nola ateratzen zuten ikusi zuten. Pereira eta bere bikote Manuel Muiñosek hiru urte zeramatzaten bertan bizitzen. Biak atera zituzten arrastaka, eta bertan zegoen hirugarren pertsona, Luzia Urigoitia, hilkutxa batean.
Hurrengo orduetan nahasmena, samina eta amorrua hedatu ziren. Atxiloketak izan ziren Hernanin, Donostian eta Errenterian, bederatzi pertsona orotara, baina ezer gutxi zabaldu zen etxebizitza barruan gertatu zenaz.
Lehen bertsio ofizialaren arabera, poliziek «atea irekitzeko hainbat bider agindu ostean, su-armen tiroekin jaso zituzten. Buru zihoan guardia zibilak balen aurkako txalekoan tiro bat jaso zuen, eta Lucia Urigoitia Ajuria atzetik zihoazenen tiroen ondorioz hil zen». Ohar ofizial honen bidez jakin zuen familiak Luziaren heriotzaren berri. Donostiara bertaratu arren, Gobernu Zibilak Intxaurrondoko kuartelera bideratu zituen, eta honek, berriz, Gobernu Zibilera. Autopsia Polloeko hilerrian egingo ziotela jakitean hara ere joan ziren, baina ez zieten gorpua ikusten utzi. Kaleak harrotzen hasi ziren, ikurrinak beltzez jantzi ziren, eta Otxandion greba orokorrera deitu zuten uztailaren 24an.
BERTSIO OFIZIALAREN GAINBEHERA
Alarmak gorriz tindatu ziren biharamunean ‘‘El Pais’’ eta ‘‘El Independiente’’ egunkarien titularrak irakurtzean: «Hildako ‘etarra’-k ondo-ondotik jaso zuen tiroa garondoan», ziurtatzen zuen lehenak.
Bizilagunek entzundakoak aipatuz, atxilotuetako emakume batek «baina zer egin behar duzu? Ez egin hori, ez zaitez animalia izan» oihukatzen zuela argitaratu zuen. Baita hau ere: «Autopsiak erakusten du heriotza zentimetro gutxi batzuetara jaso zuen tiroak eragin ziola. Balak irekitako zuloak bazterrak erreak ditu, hurbil-hurbiletik egindako tiroaren ezaugarri dena, eta baita gaztearen ile arrastoak ere».
Beste batzuek operatiboa zuritzeko ahaleginak egin zituzten: Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendariak «tirokatzen zaituztenean tirokatzea ekintza guztiz legitimoa dela» esaten zuen.
Uztailaren 27an bertsio ofiziala osatzeko ahalegina egin zen: tiroa gertutik bota izanaren arrazoia gelaren tamaina txikia zela argudiatu zuten, eta tiroa garondoan eman izana ezeztatu zen.
IKERKETA
1988an, kasua Audientzia Probintzialera iritsi zenean, frogek bertsio poliziala sustengatzen zuten, eta artxibatu egin zen. Haserrea eta inpotentzia piztu ziren euskal gizartean. 1995ean Cesid-en paperak desklasifikatu izanak eman zion bira berria kasuari: KA/5105 barne oharrean, Urigoitiaren kasurako frogak sortu eta faltsutu zirela ziurtatzen zen. Eta datu zehatzak ere eman ziren: Jose Ramon Pindado Guardia Zibilaren komandantea arduratu zen frogen manipulazioa koordinatzeaz.
Epailearen etxebizitzara extra-ofizialki sartu eta bala-zorroak ordezkatu ziren, baita Trintxerpeko pisuan ere, eta Luziak zeraman armaren kanoia ordezkatu eta balen aurkako txalekoan bala inpaktuak sortu ziren, Luzia tiroketa batean hil zela sinetsarazteko. Forentsearen informearen arabera, lurrean etzanda larriki zaurituta zegoela jaso zuen tiroa buruan, armak azala ukitzen ziola.
Kasua ireki zen berriro eta hainbat inputazio eta deklarazio abiatu ziren, tartean Roldan, Jose Barrionuevo Barne ministro, Rafael Vera estatu idazkari eta Jorge Argote abokatuarenak, jada 1987an bertan frogen faltsutzearen berri zutela uste baitzen. Datuak argiak ziren, froga berriak aurkeztu ziren, baina 1999an Auzitegi Nagusiak sumarioa itxi zuen, «froga falta» argudiatuta. Epaileak ezbaian jarri zuen barne ohar horien «edukiaren benetakotasuna», eta, Roldanen deklarazioa «nahasia, ez zehatza eta ondorio pertsonalez betea» zela ebatzi zuen. Urtebete geroago, behin betiko itxi zen sumarioa.
Epaitegiek ez, baina euskal gizarteak garbi izan du: Luzia Urigoitiaren kasuak inpunitate polizialaren itzala norainokoa den erakutsi zuen. Jaurlaritzak, 2015ean Udaletara igorritako txostenean, Urigoitia Poliziaren biktima izan zela onartu zuen. Baina ez zaio justiziarik egin.
[2011] Amy Winehouse: Las lágrimas se secan solas
Pizpireta chavala de una familia judía del norte londinense, convertida por méritos propios en gran estrella del pop, Amy Winehouse cayó en todos los tópicos de la industria musical y murió en 2011, a los 27 años.
Con notable capacidad compositora y cantora, elaboró los exitosos álbumes ‘‘Frank’’ (2003) y ‘‘Back to Black’’ (2006). Pero a la vez que enamoraba a masas de fans y recibía Grammys, su turbulenta vida afectiva, las adicciones y el acoso de la prensa sensacionalista minaron su rauda existencia.
Inquietantemente creativa, destacó por su sincero desparpajo, su caos vital y unos modos directos y hasta agresivos en el trato social. Según sus progenitores Mitch Winehouse y Janis Seaton, nació con cuatro días de retraso, «por lo que siempre bromeábamos alegando que llegaba tarde a todo, ¡incluso a su propio parto!».
Tendría ahora 40 años y sigue en el recuerdo popular con nuevo libro y película, del que nos habla el periodista musical Iñaki Zaratiegi en su análisis sobre la figura de Amy Winehouse, publicado en el apartado Artefaktua de NAIZ.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
