Sarek eta Etxeratek sei hondartzatan aldarrikapena egingo dute abuztuaren 4an
Aurten lehen aldiz elkarrekin, Etxeratek eta Sarek abuztuaren 4an egingo dute urteroko hondartzetako mobilizazioa Bakion, Laidan, Lekeition, Mutrikun, Orion eta Donostian, 12.00etan.

«Gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra» aldarrikatzeko, sei mobilizazio egingo dituzte Sarek eta Etxeratek, aurten lehen aldiz elkarrekin, Hego Euskal Herriko sei hondartzatan: Bakion, Laidan eta Lekeition, Bizkaian, eta Mutrikun, Orion eta Donostian, Gipuzkoaren kasuan, 12.00etan denetan.
Berritasun gisa, urtez urte Etxerat elkarteak antolatu ohi duen hondartzetako mobilizazioa Sare Herritarrarekin batera antolatu du aurtengo udan, Donostiako Loretopen atzo egindako prentsaurrekoan aditzera eman zutenez.
«Elkarlanean, denon ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea», esan zuten.
Eguerdirako deitutako mobilizazio hauekin, «Kantauri itsasoko kostalde zabalean azalduko dugu gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra. Kosta ahala kosta lortuko dugu, kosta ahala kosta lortu behar dugu», aipatu zuten hedabideen aurrean.
Lekeitioko hitzordua abadien moilan izango da, Bakion Bentako Plazan elkartuko dira eta Laidan kanpinaren aurrean izango da abuztuaren 4ko mobilizazioa.
Gipuzkoari dagokionez, Donostiako hondartzen artean Ondarretan izango da elkarretaratzea, eta Mutrikun nahiz Orion hondartzara bertara joateko deia zabaldu dute Sarek eta Etxeratek.
Hori dela eta, gazteei, helduei zein adinduei dei egin zieten mobilizazioekin bat egin dezaten.
«Hartu bainujantzi, surf taula, flotagailu, piragua, traineru eta banderolak eta bete ditzagun aldarriz Hego Euskal Herriko sei hondartza hauek», adoretu zuten Sarek eta Etxeratek.
«Abuztuaren 4an Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan elkar ikusiko dugu. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!», amaitu zuten atzo mobiliazazioen berri emateko egindako agerraldia Donostian, Loretopen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
