Hegoi BELATEGI - Iraitz MATEO

Hondarribiaren eta Nafarroaren arteko loturetan arrantzan

Hondarribiko Armen Plazako gaztelua ireki, eta 500 urte atzera egin zuten EHUk antolatutako udako ikastaroetan. Hondarribiaren eta Nafarroaren arteko loturez hausnarrean ibili ziren, «Nafarroako azken portua» aitzakiatzat hartuta. Hegoi Belategi NAIZ irratiko kazetaria bertan izan zen Aitzol Arroyo historialari eta zinegotziarekin hizketan.

Hondarribiko gaztelua, urteetan zehar Karlos V.aren gaztelu gisa ezagutua izan dena.
Hondarribiko gaztelua, urteetan zehar Karlos V.aren gaztelu gisa ezagutua izan dena. (WIKIPEDIA)

Hondarribia Nafarroako azken portua izan zen, eta askori horrela heldu zaigu kontakizuna»; Aitor Pescadorren hitzak dira, EHUk antolatutako Udako Ikastaroetan “1524-2024 - Hondarribiko setioa - 500. urteurrena” hitzaldian esandakoak.

Leku berezian egin zuten ikastaroa; izan ere, Hondarribiko Udalak Armen Plazan kokatutako gaztelua ireki zuen; egun «Hondarribiko gaztelua» deitzen hasi badira ere, Karlos V.aren izen inposatua mantentzen du oraindik. Leku berezia da, espainiar eta austriar erregeek beren buruari egindako oparia izan zela esaten delako batetik, eta bestetik, Hondarribian azken erresistentzia burutu zuten nafarrentzat «mezu zuzen» bat ere izan omen zelako.

Udako ikastaroetan gaztelu sonatutik bostehun urte atzera begira jarri ziren, Hondarribiko 1524ko setioa aztertzen; Nafarroako erresuma independentea berrezartzeko hirugarren saiakerak porrot egin ostean gertatu zenari begira, hain zuzen ere. Gertakariak baliatu zituzten Hondarribiaren eta Nafarroaren arteko loturetan sakondu eta arrantza egiteko. Pastorrek argi adierazi zuen herri gipuzkoarrak jokatutako papera: «Nafarroa Espainiaren inbasiotik askatzeko ahaleginean, azken erresistentzia trinkoa izan zen. Hondarribiak lotura estua zuen Nafarroako Erresumarekin eta ez zen ausazkoa izan herri hori aukeratu izana inbasiorako».

Aitzol Arroyo historialariaren eta Hondarribiko zinegotziaren esanetan, egungo herritarrek sumatzen dute nafar nortasuna beraien parte dela, «bost mende atzera eginez ere, badago gure nortasuna eta herri identitatea osatzeko Nafarroako Erresumak eragina izan zuela azaltzeko gertakaririk». Bere ustez, «mitotik harago» nabarmendu beharreko gertakaria da Hondarribia izan zela Nafarroako Erresumako portu garrantzitsuena eta nagusia: «Bere garaian zuen funtzio geoestrategiko eta geopolitikotik mito izatera pasatze hori denbora kontua izan daiteke. Adibidez, Amaiurren kasuan, azken urteetako indusketek eta 500. urteurrenak ekarri dute historia hori ezagutzera eman eta mitoaren indartzea».

NORTASUN ETA HIZKUNTZA LOTURAK

Arroyok herriaren lagin txiki baten senean nafar abertzaletasun kutsua badagoela aitortzen du: «Hondarribiaren eta Nafarroaren arteko lotura oso estua izan da; Nafarroako Erresumaren parte izan ginen XVI.mendean, XIX.mende hasieran ere Hondarribia Nafarroaren jurisprudentziaren barruan kokatuta zegoen eta Hondarribiko Udaleko kontu-liburuak Nafarroako artxiboan daude egun». Beste adibide bat ere gaineratzen du historialariak, Errepublikaren garaikoa: «Gerra testuinguruan, Hondarribiak eta Irunek hainbatetan eskatu zuten Nafarroara txertatzeko, edo behintzat, anexio hori egiteko; horrela, Nafarroak itsasoaren irteera berreskuratu zezakeen».

Gainera, azaltzen du ideologia ezberdinetakoek sentitu izan dutela lotura hori. Izan ere, gerra garaian esaterako, «eskuin muturreko kolpistek nafar kutsu hori bazuten», eta erreketeekin lotura ere egin izan dutela kontatzen du.

Hala ere, lotura historiko eta ideologikoetatik harago, badago lotura estuago bat, Arroyoren ustez: hizkuntzarena, euskararena. «Hemengo euskalkiari erreparatzen badiogu, Hondarribiak badu bere hizkera propioa baina, batez ere, nafar euskaratik edan dugu, hitzetan eta esamoldeetan badugu nafar kutsu hori. Lotura hizkuntzak ere egiten du». Eta adibide gisa, XVI. mende hasierako gerraren adibidea jartzen du; «kasu honetan, Nafarroako gerrari dagokionez, ukaezina da alde batean zein bestean bazegoela zerbait amankomunean nortasun batetik haratago, eta hori hizkuntza da». Komunikazio kanal zuzen bat da hizkuntzarena, historialariaren ustez, eta horrek, historiako gertakari ezberdinetan harremanak sortzeko balio izan du, bere esanetan.

NEUTROA ETA INPARTZIALA

Aipaturiko ikastaroan, kontakizunei ere begiratu zieten. Izan ere, iturri ezberdinetatik informazioa jaso eta ondoren historia «neutro eta inpartzial bat» osatzea da historialarien helburua. Eta sarritan kostatzen bada ere, irakurketa partzialetatik urruntzea omen da beren lana.

Urte batzuk atzera eginda, ordea, ez omen da horren erraza irakurketa neutroak egitea, momentuan interesen bat tarteko jaso omen ziren alde guztietako kontakizunak eta: «Garai batean historialariak baino, garaiko kronistak ziren, erreinu, estatu edo figura politiko bati atxikita zeuden. Kasu horretan, aipatutako neutraltasuna ez zen betetzen, bakoitzak bere aldera egiten zituen irakurketak, bere onurarako; eta gaur egunera ere hori iritsi da».

Hala ere, historialariaren ustez, badago hausnarketa bat oraindik egiteke: «Uste dut badagoela eztabaida polit bat tradizioa, ohitura, mitoa, herriaren nortasuna eta abar historiarekin nola uztartu pentsatzeko».