GARA
BILBO

«Etxera» lelopean, presoen eskubideen alde egingo dute Bilboko Aste Nagusian

Euskal presoek oraindik pairatzen dituzten salbuespen neurriak bertan behera uztea eta haiek etxerako bidean jartzea aldarrikatuko dute Bilboko Aste Nagusian hilaren 23an ospatuko den «Bizkaiko Etxera Egunean», Bilboko Konpartsak federazioak eta Sarek antolatuta.

Bilboko Konpartsen eta Sareren agerraldia.
Bilboko Konpartsen eta Sareren agerraldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Bizkaiko Etxera Eguna» antolatuko dute Bilboko Konpartsek eta Sarek hilaren 23an Aste Nagusian, eta «‘Etxera’ aldarrikapen izatetik errealitate izateko eskatzeko» parte hartzera deitu zuten atzo. «Jai giroan ere gure aldarriak lau haizeetara zabaltzeko gai garela erakusteko astea da. Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako», azaldu zuten.

Egun horretan, manifestazioa egingo da 13.00etan Eliptika plazatik udaletxeraino. 15.00etan, berriz, herri bazkaria izango da. 17.30ean, txosnagunean, erromeria eta ekitaldia egingo dute.

«34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika gainditu izanak ez du ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik», azaldu zuten.

«Mendekuan oinarritutako jarrerak dira, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganera iltzatu nahi dutenak. Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da», gaineratu zuten atzoko agerraldian.

«Etxean nahi ditugu. Bai, etxera. Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu», adierazi zuten.