«Ez da lege berririk behar, sistema legearen espirituari begira jardutea aski litzateke»
Bea Ilardia abokatua NAIZ Irratian izan da, Donostian bikotekideari eraso egin aurretik erregistroan generoa aldatu zuen ertzainaren auziaz hizketan. Trans legea defendatu du, eta zehaztu, gakoa interpretazioan eta aplikazioan dagoela.

Tentuz jokatu nahi du Bea Ilardia abokatuak Donostian joan den larunbatean bikotekideari labankadaz eraso egiten saiatu zen ertzainaren kasuaren inguruan hitz egitean. Prozedura judiziala hasi besterik ez da egin, arantzatsua da, eta hedabideen bitartez jasotako informazioa besterik ez du esku artean. Hori bai, hausnarketa bat plazaratu nahi izan du NAIZ Irratitik, abiapuntu gisa: «Genero indarkeriaren legearen aplikazioa saihestu izana ez da gauza berria».
Aurrerapauso feminista bakoitzaren aurrean, «ultraeskuina, patriarkatua, matxismoa… birkokatu egiten dira beti», nabarmendu du abokatu galdakoztarrak, eta horrela ulertzen ditu auzi hau Trans Legearen kontra egiteko baliatzen ari diren erreakzioak ere.
PROZEDURA JUDIZIALA, HASI BERRI
Egunek aurrera egin ahala, poliedrikoa bilakatu da auzia, baina iritzi publikoan polemika hasieratik piztu da. Gertaeren larritasuna ez da gutxiagorako. Hasteko, inputazioa mehatxu larrien delitua izateak, eta ez hilketa saiakera, hautsak harrotu zituen. Zuhurtziaz jokatu beharra dagoela dio Ilardiak, instrukzioa zabaldu ostean prozesuak izan dezakeen garapena ikusteko baitago. «Ikerketa delitu jakin batengatik zabaldu izanak ez du esan nahi horrela amaituko denik», agertu du. Frogabide asko aurkeztuko direla azaldu du, eta horrek baldintzatuko duela akusazioa.
Erasotzailearen intentzioa argitu behar dela azpimarratu du. Epaileak emakumea eta haurrak ez zirela zaurituak izan argudiatu du mehatxu delituen inputazioa egiteko. Abokatuak argitu du mehatxuen delituaren kasuan asmoa «beldurraraztea edo koakzionatzea» dela, eta hilketa saiakeraren kasuan, bestalde, bizitza kentzea. Beraz, «prozeduran frogatu beharko dena da zein izan zen intentzionalitatea; ez, emakumea bere burua defendatzen saiatu zen ala ez», argitu du.
BIKTIMEN BABESA, ERDIGUNEAN
Bigarren korapiloa. Epaileak urruntze agindua ezarri zion ertzainari, eta ez, kautelazko espetxealdia, esaterako. Ilardiak dio ohikoa dela jardunbide hori, eta eztabaida lekuz aldatu du: «Kautelazko espetxealdia ez da ohikoa eta ez du izan behar. Horrek esan nahi du babesgabe utzi behar dugula emakumea? Ez». Beste neurri batzuk hartzeko aukera mahaigaineratu du, eta interesguneak babesa izan beharko lukeela zehaztu du.
Arreta biktimarengan jarri beharko litzatekeela deritzo, eta ez erasotzailearengan. Kasu zehatz honetan, gainera, erasoa jasan zuen emakumeak protagonista bai, baina «beste zentzu batean» izan beharko lukeela deritzo, eta, zenbait elementuri dagokionez, bere hitza kontuan hartu beharko litzatekeela esan du: «Berari eskatu beharko litzaioke iritzia bikotekidearen genero aldaketaren inguruan. Hor jarri beharko litzateke indarra».
Begirada emakumearen ongizatera bideratzea gakoa da. Gipuzkoako Fiskaltzak instrukzio epaitegiari eskatu dio kasua genero indarkeriako epaitegira bideratu dezala. Genero indarkeria edo etxeko indarkeria gisa definitzearen eztabaidaren harira, Ilardiak azpimarratu du zigorra ez dela eztabaida. Are, ziurrena da antzekoa izatea. Ezberdintasun nagusia, beste behin ere, biktimaren babesean datza. Emakumeen babes integralerako 1/2004 legeak baliabide tekniko eta profesionalak, dirulaguntzak eta babeserako mekanismoak eskaintzen dizkie biktimei. «Kontu punitibistetan sartu baino, garrantzitsuagoa da jakitea emakumeak eta haurrek askoz gehiago galduko luketela haien eskubideetan», ohartarazi du.
«FOKUA TRANS LEGEAN JARTZEA AKATSA DA»
Legeak badaude, iruzurrak ere bai. Hala uste du abokatuak. «Enpresa batek iruzur egin dezake autonomo faltsuak kontratatzean; ezkontza iruzurrak ere gertatzen dira», dio. Iruzur horiek frogatzen badira, kontratuak bertan behera gelditzen direla azaldu du, eta gauza bera gertatuko litzatekeela, frogatuko balitz Donostiako ertzainak iruzurra egin duela edota genero indarkeriaren legearen aplikazioa saihesten saiatu dela. Horrekin batera, abokatuak uste du ertzainaren asmoen artean ere bazegoela botere erakustaldi bat egitea, legediaren bideak erabiltzea galaraziz.
Trans legea aurrerakoia dela esan du, eta ez dela arau berririk behar: «Ondo aplikatu behar da eta sistema judizial osoak, epaileek, fiskalek... bat egin behar dute legearen espirituarekin». Ez da beti horrela, baina Gipuzkoako fiskalak «trataera nahiko ona» eman dio kasu honi, abokatuaren irudiko. Zalaparta ekidin behar den arren, gertakizunek hartutako dimentsio publikoa positibotzat jo du, baldin eta «biktima babestua badago».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
