LAB: Larrialdietako Zuzendaritza da Laudioko hiltzearen «azken erantzulea»
Mediku faltarengatik arreta beranduegi jaso eta Laudioko ZIU mugikorrean hil zen pazienteari jazotakoaren azken arduraduna Larrialdietako Zuzendaritza dela adierazi zuen atzo LABek. Sindikatuaren esanetan, zerbitzu publiko honek «aspalditik duen arazo larriari» irtenbiderik emateko borondaterik ez du izan.
Ohar baten bidez, doluminak adierazi zizkien larunbatean hil zen gizonaren familiari eta lagunei, eta heriotza honen larritasuna agerian utzi zuen jarraian. «Hamarkadetako utzikeriaren ondoren, berriz ere [urtarrilean beste pertsona bat hil zen antzeko baldintzetan], Laudioko bizilagun bat hil da larrialdietan lanpostuak ez betetzearen ondorioz», gaztigatu zuen.
Sindikatuak adierazi zuen hutsuneak daudela Osakidetzako zerbitzu askotan, baina Larrialdi zerbitzuen egoerak, bereziki, «arrisku larriak» dakartzala nabarmendu zuen, larrialdietako baliabideak ez daudelako beti bermatuta. Zehazki, LABen esanetan, ZIUen flotak «gabezia handiak» ditu, eta horren koordinazioaz erizain bakar bat arduratzen da denbora luzez.
«Osakidetzako zuzendaritzak egungo egoerari adabakiak jartzearen alde egiten jarraitzen du, aparteko orduen bidez edo bateraezintasunena bezalako legeak ez betez. Neurri horiek guztiak ez dira onargarriak, eta arrisku egoerak ere areagotzen dituzte; izan ere, langileek oso luzeak diren lanaldiak dituzte, eta horrek ere segurtasun gorabeherak eragiten ditu», azaldu zuen.
«Ez da ahaztu behar Larrialdietako Zuzendaritza izan dela, bere pasibotasunarekin, gertatutakoaren azken erantzulea», ohartarazi zuen.
MOBILIZAZIOA OSTEGUNEAN
Azken heriotza salatu eta soluzioak eskatzeko, ostegunean deitutako protestarekin bat egiteko eskatu zuen LABek: 19.00etan izango da, Laudioko Herriko plazan.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
