30 urteko langile bat hil da, Amezketako Aralar paper lantegian izan zen istripuaz
Azpikontratatua zegoen 30 urteko langile bat zendu da, Amezketako Aralar paper lantegian istripua izan eta lau egunera. Astelehenean mantentze lanak egiten ari zela istripua izan eta larri zauritu zen. Lankideek 24 orduko lanuztea egingo dute gaur, 14.00ak arte.

Amezketako Aralar paper lantegian lan istripua izan eta larri zauritu zen langilea hil egin zen atzo, LAB sindikatuak ohar batean ezagutzera eman zuenez. Sindikatuak adierazi zuen gaztea azpikontratatutako langilea zela. Astelehenean izan zuen ezbeharra. Lankideak mobilizatu egin dira.
P.R.C. Ibarra Argi Lanak enpresako 30 urteko langilea zen, Aralar paper lantegian azpikontratatu bezala lanean ari bazen ere. Mantentze lanak egiten ziharduen Amezketako lantegian. Istripua astelehenean jazo zen eta lau egun geroago zendu da langilea, zaurien larritasunaren ondorioz.
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten lankideek, istripua jazo zen egunean bertan, astelehenean, hain zuzen ere. Atzo, zoritxarreko albistea iritsita, lanuztera deitu zuen enpresa batzordeak, osteguneko 14.00etan hasi eta ostiral honetako 14.00ak arte luzatzen ari dena.
Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute langileek gaur bertan, 11.00etan, Amezketako enpresaren egoitzaren atarian. Enpresa batzordeak dei egin zien atzo Aralar paper lantegian ari diren azpikontratetako langile guztiei mobilizazioan parte hartu zezaten. Izan ere, hil zen langilea ere azpikontratatua zela gogora ekarri zuen sindikatuak.
PREBENTZIO FALTA
Istripua salatzearekin batera, ardurak eskatu zituen LABek. Horrela, sindikatuak nabarmendu zuenez, «azpikontrata ezberdinak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari dagokio, hau da, Aralar paper lantegiari kasu honetan, gremio ezberdinen arteko koordinazioa eta segurtasuna bermatzea».
Horregatik, LABek argi ikusten du enpresak ez duela lan hori behar bezala egin: «Hau egoki ez egiteak ekarri du langilearen heriotza». «Onartezina da», gaineratu zuen sindikatuak oharrean.
«LAB sindikatuak askotan salatu izan du azpikontrata ezberdinak dauden enpresetan prebentzio plan egokiak ondo ez egiteak dakartzan arriskuak», adierazi zuen. «Heriotza honek agerian utzi du hori, beste behin ere», salatu zuen sindikatuak.
Azken heriotza honekin, urtea hasi zenetik dagoeneko 38 behargin zendu dira lanean zihardutela Euskal Herrian, LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera. Honek esan nahi du, batez beste, astean pertsona bat hiltzen ari dela bere lanpostuan.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
