GARA
GASTEIZ

Euskarazko A1 eta C1 mailetako ikastaroak doan izango dira EAEn

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleentzat euskara ikastea errazteko, A1 eta C1 «komunikagaitasun»-mailak eskuratzeko ikastaroa doakoa izango da datorren ikasturtean. C1 mailakoa iaz ere jarri zuten martxan, eta 16 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta.

Donostiako euskaltegi bateko eskola bat, artxiboko irudi batean.
Donostiako euskaltegi bateko eskola bat, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako osteguneko Gobernu Kontseiluak A1 mailari dagokion “komunikagaitasuna” eskuratzeko ikastaroa doan izateko erabakia hartu zuen. Horrekin, iaz martxan jarritako neurria berretsi zuen; hau da, 16 eta 18 urte bitarteko gazteen C1 komunikagaitasuna sendotzeko ikastaroa doan izatea.

Exekutiboak atzo jakinarazi zuenez, guztira 3,9 milioi euroko dirulaguntzak onartu dira honetarako (A1: 1.700.000 euro eta C1: 2.200.000 euro). Helburua euskara ikasteko erraztasun gehiago eskaintzea eta, finean, euskararen erabilera sustatzea da.

A1 maila lortzeko, matrikula «merke» bat baino ez da ordaindu beharko eta, ikastaroaren amaieran maila hori lortuz gero, kopuru hori berreskuratuko da. Euskaltegietako ikasleen %10 eta %12 diren Estatu espainoletik kanpotik etorritakoak eta Estatuko beste toki batzuetakoak, hurrenez hurren, laguntzeko hartu dute neurri hau.

C1 mailari dagokionez, aurten 2006an, 2007an eta 2008an jaiotakoek eskuratu ahalko dute dirulaguntza; 2025ean, aldiz, 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek. Bigarren Hezkuntzaren amaieran dauden gazteek beraien euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzea eta sendotzea da helburua. A1 mailaren kasuan bezala, matrikula bat ordaindu behar da eta, maila egiaztatuz gero, dirua bueltatuko da.

BALDINTZAK

Laguntza hau eskuratzeko zenbait baldintza bete behar dira. Matrikula ordaintzeaz gain, ikastaroan %75eko gutxieneko asistentzia bete beharko da eta ez zaie dirulaguntza esleituko aldez aurretik A1 mailako dirulaguntza lerroren batean parte hartu duten ikasleei.

Gainerako mailetako euskaltegietako ikasleei dagokienez, aukera izango dute orain arteko matrikularen doakotasunerako dirulaguntza-lerroetan parte hartzeko; A2, B1 eta B2 mailetan, betiere maila euskaltegietan lortzen badu edo azterketa batean egiaztatzen badu. C1 maila 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan, betiere maila egiaztatzen bada.

Dirulaguntza hauek indarrean sartuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik aurrera. Dirulaguntzak ikasturte osoan zehar eskatu daitezke. Hala ere, funtsak mugatuak dira eta, agortuko balira, une horretan bertan amaituko litzateke eskaerak egiteko epea.