GARA
GASTEIZ

Pentsiodunek mobilizazioei ekingo diete berriz irailean

Iruñean irailaren 2an, Bilbon eta Gasteizen hilaren 9an eta Donostian 16an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioei berriro ekingo die, ikasturtearen hasierarekin. Gobernu espainolarekin eta Lakuarekin biltzeko eskaeren erantzunaren zain jarraitzen dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazio baten artxiboko irudia.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazio baten artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Gure eskari premiazkoei eta ezinbestekoei erantzun arte», Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizatzen jarraituko du. Ikasturte berriaren hasierarekin berriz hasiko dira ohiko mobilizazioekin.

Duela sei urte baino gehiagotik egin duten bezala, Euskal Herriko 80 herri eta hiritara eramango dituzte aldarrikapenak. Hiriburuei dagokienez, astelehenetik aurrera, hilaren 2an Iruñean mobilizatuko dira, irailaren 9an Bilbon eta Gasteizen, eta 16an Donostian.

Atzo helarazitako ohar batean Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi zuenez, «gutxieneko pentsioak gero eta urriagoak dira, Estatuko Gobernuak ez du ezer egiten 1080 euroan jartzeko, eta EAEko Gobernuak eta Nafarroakoak ez dituzte beharrezko erabakiak hartzen». Genero-arrakala ere konpondu gabe dagoela gaineratu zuten, baita murrizketen erreformek pentsioak gutxitzen eta erretiro-adina handitzen jarraitzen dutela ere.

Ildo horretatik, Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Immigrazio ministro espainolari eta Imanol Pradales EAEko lehendakariari egindako bilera-eskaeren erantzunaren zain jarraitzen dutela deitoratu dute.

Horrekin batera, hemendik gutxira Estatu espainoleko aurrekontuak negoziatuko direnez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, «ezinbestekoa da pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta gutxieneko pentsioa handitzea».

«Ikasturte berri bat ireki da, eta, zalantzarik gabe, kalean jarraituko dugu gure eskari premiazkoenei eta ezinbestekoei erantzun arte, eta hala egingo dugu Gasteizen, Iruñean, eta, Estatuko gainerako herri eta erkidegoekin, Madrilen», gaineratu zuten.