Iraitz MATEO
DONOSTIA

Arraun munduko 100 kidek bat egin dute Ernairen mobilizazioarekin

Hainbat arraunlari elkartu ziren atzo goizean Ernaiko gazteei elkartasuna adierazi eta datorren igandeko mobilizaziora dei egiteko. Mozal Legeak herritar ororen oinarrizko eskubideak kolokan jartzen dituela salatu zuten arraunlariek, eta askatasunaren aurkako tresna dela iruditzen zaiela gaineratu zuten.

Arraunlariak eta Ernaiko gazteak atzo egindako agerraldian.
Arraunlariak eta Ernaiko gazteak atzo egindako agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

Kontxako estropadetako bigarren igandean handia izan ohi da ospakizuna, eta egun hori baliatuko dute Ernaiko kideek mobilizazioa egiteko, "Bat eginez independentziara!" lelopean egingo dute manifestazioa. Atzo, arraun munduko 100 kidek "Arraunlariok bat eginez" manifestua aurkeztu zuten; koloreak kolore, talde guztietako kideek adierazi zieten babesa gazteei.

«Deialdiarekin bat egin, eta honekin batera Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa gaitzetsi eta isuna jaso duten gazteei gure elkartasuna adierazi nahi diegu», adierazi zuten arraunlariek. Aldarrikatu zuten Euskal Herrian pertsona zein kolektibo orok behar lukeela eskubide politikoak inolako esku-hartzerik gabe aurrera eramateko aukera, eta hain zuzen ere, Ernaiko gazteei hori ukatu zaiela.

Azaldu zuten «pozgarria» behar lukeela Euskal Herriko «hainbat eta hainbat gazte konprometituak eta ekintzaileak» izatea, «hori sustatu eta bermatu beharreko praktika litzateke, eta ez zigortua operazio honen bitartez egin bezala», zehaztu zuten.

MOZAL LEGEAREN AURKA

Era berean, manifestuaren sinatzaileek Mozal Legearen «aurkako jarrera» adierazi zuten; «Izan ere, herritar ororen oinarrizko eskubideak kolokan jartzen dituela deritzogu», argudiatu zuten.

Adierazpen askatasunaren aurkako tresna dela aipaturiko legea azaldu zuten, eta gaur egun gizarteko hainbat sektoreren aurka egiteko «sistematikoki erabilia» dela gaineratu. «Era berean, Euskal Herrian lege honen erabileraren aurkako nahikoa adostasun dagoela deritzogu, eta, hortaz, uste dugu ez litzatekeela inoren eskubideak ukatzeko erabilia izan behar», kontatu zuten kirolariek gazteekin batera egindako agerraldian.

IGANDEAN, DONOSTIARA

Irailaren 8an, arraunlari horietako askok Kontxako estropadan arraun egingo badute ere, 13.30ean mobilizazioarekin bat egiteko deia egin zuten atzo Donostian egindako agerraldian: «Bidegabekeria honen aurrean arraun egitea dagokigu, indarrak batuz norabide berean ekinez. Gurekin batera dei egin nahi diogu euskal gizartearen osotasunari deialdiarekin bat egitera eta elkartasun hitzordu honetan parte hartzera».

Egun osoko egitaraua antolatu du gazte antolakundeak. 10.30ean Donostiako kaleen apainketarekin abiatuko dute eguna; eguerdian izango da hitzordu nagusia, Independentziarako aldarria eginez abiatuko dute mobilizazioa Bulebarretik. 14.30ean elektrotxarangarekin alaituko dituzte alde zaharreko kaleak, eta 16.00etan izango da «Gazte independentisten topa». Eguna amaitzeko, Liatu Garete DJa izango da Herria tabernan.

290.500 EUROKO ISUNAK

Ia duela urtebete, joan den irailaren 22an, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko bi ekimen egin zituzten Ernaiko kideek, Bilbon espainiar Gobernuak duen ordezkariordetzaren eraikinean eta Gasteizko Ertzaintzaren komisarian kateatuz eta trafikoa moztuz. Orain, identifikatutako 133 gazteei 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak heldu zaizkie, 290.500 euro osotara. Lakuako Segurtasun Sailak jarri zuen gazteen aurkako salaketa, Mozal Legea aplikatuta.

Administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegiteak uda hasieran aurkeztu zituzten, eta prozesu judiziala abiarazi zutela jakinarazi zuten gazteek. Era berean, elkartasun kanpaina ere abian dutela gogorarazi zuten, antolakundeak ekonomikoki jaso duen astinduagatik.