GARA
ZORNOTZA

Zornotzako enpresa batean istripua izan zuen langilea hil egin da

ELA sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, aurreko astean Boroako Maderas Etxearin enpresan istripua izan zuen langilea hil egin da. Sindikatuaren arabera, guztira 48 langile zendu dira Hego Euskal Herrian aurten; horietatik 13, Bizkaian.

Ostegunean hil zen aurreko astean Zornotzako Boroa auzoko Maderas Etxearin enpresan istripua izan zuen pertsona. ELAk ohar batean azaldu duenez, lan istripua urriaren 15ean gertatu zen, behargina hiru metroko altueratik erori zenean. Langilea Iurretako Dana-Air azpikontratakoa zen eta konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanak egiten ari zen.

«Prebentzioan inbertsiorik ez egitea, jardueren koordinazio desegokia eta lan baldintzen prekaritatea dira istripu hilgarriaren atzean dauden faktoreak», salatu zuen sindikatuak, eta «egoera aldatzeko lan baldintza duinak, osasungarriak eta seguruak» eskatzen jarraituko duela esan zuen. Gai- neratu zuen erakundeak ez direla «eraginkorrak izaten ari lan istripuak ekiditeko orduan», eta Lakuari eskatu zion gaiari lehentasuna emateko. Iragarri zuenez, datorren astean elkarretaratze bat deituko du.

Boroakoa baino egun batzuk lehenago Loiun eta Olletan izan ziren ezbeharretan hil ziren langileak ere altuera batetik erorita zendu ziren.