OIARTZUN BURUJABE, GARAPEN EREDUAREN INGURUKO HERRI HAUSNARKETA SAKONA
Oiartzungo udalak herriko garapen ereduaren inguruko hausnarketa sakona jarri du abian. Oiartzun Burujabe izena duen prozesu herritarraren helburu nagusia estrategikotzat jotzen diren esparru guztiak herrian bertan garatzea da, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta.

Oiartzun Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta instituzionala barnebiltzen duen egitasmoa, zibilizazio krisiaren aurrean Oiartzungo herriak proposatzen duen alternatiba praktiko bat.
Egungo eredu ekonomikoa xahutzailea eta ekologikoki jasanezina da eta ezberdintasunak besterik ez ditu sortzen. Gaur egungo ekonomia eredu nagusiaren helburuak dira kapitala metatzea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea, gizartean eta ingurumenean eragiten dituen ondorioak aintzat hartu gabe.
Egoera horri aurre egiteko ahaleginean martxan jarri den Oiartzun Burujabe proiektua prozesu herritarra da. Estrategikotzat jotzen diren esparru guztiak, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta, herrian bertan garatzea da prozesu honekin lortu nahi dena.
PLANIFIKAZIO MODU BERRI BAT
Herriari burujabetza tresnak itzultzeko bide honek gauzak egiteko beste modu bat eskatzen du. Oiartzun Burujabe prozesua, beraz, gobernantza eredu berria lortu nahi duen udalgintza egiteko modu berri bat da. Sektoreka landuko den bidea da eta mahai sektorialetan arloari dagozkion erabaki estrategikoak, taktikoak eta plangintzak erabakiko dira. Halaber, mahai sektorialetan planak aurrera eramateko beharko diren baliabideak definituko dira, kontutan hartuz bitarteko horiek herritarrek, eragile ekonomikoek edota udalak eskaini ahal izango dituztela.
HIRU ERPINEKO EREDUA
Oiartzun Burujabe proiektuan herritarrek, udalak eta eragile ekonomikoek parte hartzen dute, ekonomia sozialaren printzipioak oinarri hartuz. Triangelu gisa irudika daiteke, beraz, Oiartzun Burujaberen egitura:
• Erpin batean herritarrak daude, elkarte edo eragileak. Herritarren parte-hartzeak bermatzen du komunitateari ahotsa eta partaidetza ematen zaizkiola, herritarrak ahaldunduz eta erabaki ekonomiko-politikoetan duten protagonismoa indartuz.
• Beste erpin batean udala dago. Sektore publikoak lagundu behar du eremu estrategikoen bitartekoen jabetza herritarrei itzultzen, herritar guztiek izan dezaten oinarrizko beharrak asetzeko modua.
• Azkenik, erpin ekonomikoa dago, tokiko garapenarekin konprometituta dagoen ehun sozio-ekonomikoa. Eragile ekonomikoen parte-hartzearekin bermatu nahi da prozesuan zehar sortzen den aberastasuna bertatik eraikia izango dela eta bertan geldituko dela. Ekonomia sozialaren printzipioak kontutan hartzeak bermatzen du jarduera ekonomikoak «izpiritu kooperatiboa» jarraitzen duen kudeaketa eredua bilatuko duela. Zenbait kasutan, eragile ekonomiko berriak sortuko dira, «herri kooperatibak», gehiengoaren behar sozialak demokratikoki ase ahal izateko.
ORAIN ARTE EGINDAKOARI ESKER
Lan egiteko eredu hau ez da berria Euskal Herrian eta, Oiartzunen ere, bide luzea egin da dagoeneko. Egitasmo eta proiektu ugari daude herrian bertan, herritar askoren inplikazioari eta parte-hartzeari esker sortu direnak. Horren adibide dira Labore Oarso, Elika Kooperatiba, Arraztalo elkartea edota HemenGuk ekimena lehen sektorean, Argitturri Energia Berriztagarrien Kooperatiba energiaren alorrean, baita aisialdi, hezkuntza, kirol, kultur zein ongizate esparruetan antzeko logikarekin urteak martxan daramatzaten proiektuak ere.
JARDUNALDIAK
Prozesuaren nondik norakoak zabaltzeko, urriaren 17an eta 18an Burujabetzak izeneko jardunaldiak egin ziren, Udalbiltzarekin elkarlanean, eta urriaren 19an oiartzuarrek herri itunarekin konprometitzeko aukera izan zuten, egun osoko egitarau zabalarekin. Jardunaldietan, herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izan zen. Herri eskalako proiektuak aurkeztu ziren, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, parte-hartzearen paradigma berriak edo udalgintzatik estatugintzarako jauzia nola egin, besteak beste.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
