Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak iazko Lau eta Erdiko finala errepikatuko dute
Iaz Matienan bezala, Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak lortu dituzte abenduaren 15ean Sestaon jokatuko den elite mailako finalerako txartelak. Kasu bietan, gainera, 22-12ko emaitzaz, Miriam Arrillaga eta Itxaso Erasun gainditu zituzten Basaurin.

Giro ederrean eta Basauriko pilotalekuko harmailak goraino beteta zirela jokatu ziren atzo aurtengo Lau eta Erdiko txapelketako finalerdiak, eta, iaz Matienan bezala, Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak lortu dituzte abenduaren 15ean Sestaon jokatuko diren elite mailako finalerako txartelak. Kasu bietan, gainera, 22-12ko emaitzaz, Miriam Arrillaga eta Itxaso Erasun gainditu zituzten.
Sestaoko finala momentu oso desberdinean helduko diren bi pilotariren artekoa izango da. Amaia Aldaik bere laugarren finalean laugarren txapela bilatuko du; Goiuri Zabaletak, bestalde, bere lehena jantzi nahiko du, bere bigarren ahaleginean.
Lehen finalerdia estilo arteko talka bat izan zen, Zabaletaren eskumuturraren magiaren eta Itxaso Erasunen indarraren artekoa, eta azkenerako leitzarraren kalitatea nagusitu zen partida ikusgarri baten ostean.
Nafarrak hasiera-hasieratik hartu zuen markagailuaren agintea -(5-0) aurreratu zen-, baina tarteka, batez ere lehen erdian, zizurkildarrak asko estutu zuen, batez ere bere eskuinaren indarrari etekina ateratzea lortu zuenetan.
Finalera sartzerik izan ez duen arren, atzelari gipuzkoarrak sekulako denboraldia osatu du, bere jokoan aurrerapauso handia eman eta zirkuituko izarren artean leku bat egitea lortuta, besteak beste Olatz Arrizabalagarekin Binakako txapela eta atzo aurkari izan zuen Goiuri Zabaletarekin sanmateotako txapela jantziz.
Kaiolan, ordea, ikaragarri eroso sentitzen den Zabaletaren aurka amore eman behar izan du. Leitzako eskolan horren ondo erakusten duten frontisetik gertuko joko motzean artista da Zabaleta, eta, saketik hasita, arriskuak hartuz -bitan saiatu zen lehen pilotakada zabalera ateraz- min handia egin zion piloteoan nagusitzen saiatu zen aurkariari.
Hasiera gogor baten ostean (5-4 joan ziren), sakeari eta dejadari esker, zulo handia egin zion Zabaletak. Azkenerako, zortzi tanto egin zituen dejadaz eta beste zazpi sakez, eta hor oinarritu zuen bere garaipena. Tarteka akatsen bat ere batu zuen, baina, errematerako duen gaitasun ikaragarriarekin, 15 urte baino ez dituelarik, txapela janzteko hautagaia dela berretsi zuen leitzarrak.
AMAIA ALDAI, ZULOTIK GORENERA
Amaia Aldai eta Miriam Arrillagaren arteko lehiak klasiko bat bilakatu dira kaiolan, eta aurrekoetan bezala, garaipena aurrelari dimoztarrarentzat izan zen. Hori bai, iazkoarekin alderatuta, partida askoz borrokatuagoa eta estuagoa izan zen atzokoa.
Lehen erdian, bederen, lehia ikusgarria eskaini zuten; tanto luze eta piloteatuak izan ziren eta bi pilotariak kantxan husteraino borrokan aritu ziren. 14-12ra arte, garaipena edozein aldetara eror zitekeela zirudien, baina hortik aurrera Amaia Aldai nagusitu zen.
Urte gogorra izan da aurtengoa dimoztarrarentzat, partida amaituta pilota uztekotan ere egon dela aitortu zuen ETB-ko kameren aurrean, baina, lanketa prozesu batean murgilduta, aurrera egitea lortu du eta bere txapelketa kuttunean berriz ere finalerako txartela eskuratu du.
Atzoko partidan ere antzeko zerbait gertatu zitzaion, unerik larrienean aurre-pauso bat emateko gai izan baitzen. Partidako une erabakigarrienean, bere ohiko joko oldarkorra kantxaratu ahal izan zuen, aspaldiko partez barruan daraman txapeldun handia irten zen eta bere laugarren txapela eskaini nahi die horrenbeste lagundu dioten etxekoei.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
