NATURAN HEZI: EKOZENTRISMORAKO BIDEAN URRATSAK EGIN, TXIKITATIK
Naturan heztea espezieei eta haien arteko harremanei buruz ikasi, eta gizakiaren ekomenpekotasunaz jabetzeko baliagarria da. Haur eta gazteen adimen naturalista piztuz eta haien gaitasunak elikatuz, ekozentrismora bidean jarri nahi ditu Kutxa Fundazioaren Naturan Hezi programak.

Natura ikasgaia, tresna eta testuinguru baliotsua da, pertsonen garapen integralean laguntzen duena. Horretarako ez da urrutira joan beharrik, Gipuzkoako ingurumenak, prozesuak, fluxuak, ekosistema natural txikien moduan funtzionatzen duten eremuak... baititu, nahiz erabat naturalak ez diren. Horri buruz jakiteak babesteko beharraz jabetzea ere badakar eta helburu bikoitz hori du Naturan Hezi programak, fokua haur eta gazteengan jarrita. Kutxa Fundazioaren Gaitasunak Piztuz lan lerroaren parte da, eta larrialdi klimatikoaren oinarrian dagoen antropozentrismotik ekozentrismora jauzia egiteko eraldaketa sustatzen du txikitatik ingurumen gaitasuna identifikatzen eta bideratzen laguntzen duten bi egitasmoren bidez: Baso-eskola eredu pedagogikoa eta Bihotz Berdeak.
Baso-eskola sarea 2016tik martxan da. Ingurumen hezkuntza proiektuak behin-behinekoak zirela ikusita eta haurrengan eragiteko iraupen luzeko programa bat behar zutela jabetuta, Danimarkako Ella Flautau hartu zuten erreferentzia. Hauetan, espazio fisikoaz gain, natura testuinguru bilakatzen da: ikasteko gaia, babeslekua, beste bizidunekin harremanetan jartzen dituena... Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek bertan garatzen dute curriculuma. «Gela baten barruan egin daitekeena, kanpoan egiten da eta askoz hobeto», baieztatu du Naturan Heziko arduradun Izaskun Orbegozok.
Sarean 38 eskola dituzte eta beste batekin ibilbidea hasiko dute, eta harremana dute eredu propio bat garatzen ari diren beste hamar eskolekin. Orbegozok nabarmendu du «beharra badagoela», beraiengana hurbiltzen dira eskolako arduradunak. Honen alde egin nahi dutenei laguntzen diete bide osoa egiten: eredua aurkeztu, udalaren parte hartzearekin natur eremu aproposa aurkitzen lagundu -200 itemeko kontrol-zerrenda bat dute-, irakasleentzat heziketa, laguntza saioak... «Hemen gaude edozein eskola laguntzeko prest».
«BOKAZIO BERDEAK» SUSTATU
Adinean gora, Bihotz Berdeak 12-15 urteko nerabe naturazaleei zuzenduta dago. Beraien pasioa eta talentua bideratzea xede du, aisialdian hori garatzeko gune bat emanez. Ikasturtean hamahiru natur irteera egiten dituzte aditu batek lagunduta, ikuspegi holistikoa eman nahian, natur zientzietako adituez gain -entomologo, ornitologo, herpetologo, geologo...- marrazkilari, historialari edota etnografoak ere badira. Haien adinean naturarekin zuen harremana kontatu eta bere ibilbide profesionala azalduta, erronka bat jartzen die, esaterako, eremu batean zer intsektu espezie dauden identifikatzea, horretarako tranpak jarriz, sailkatuz...
2024-2025 ekimena gauzatzen duten laugarren ikasturtea da eta 33 gaztetxok eman dute izena, orain arte 118k parte hartu dute. Zaletasun berdina duten pertsonak ezagutzeko aukera ere badela nabarmendu du Orbegozok eta intereseko esparruan sakontzen jarraitzeko bibliografia eta erakundeen kontaktuak ematen dizkiete. Etorkizuneko zientzialarien harrobia izatea nahi dute, horregatik akordio bat dute bai partaideekin bai familiekin ondorengo urteetan inpaktuaren neurketa egiteko.
Aranzadi Elkarteak darama aurten ekimenaren eguneroko kudeaketa, Naturan Hezik eragile asko baititu inguruan: unibertsitateak, Geoparkea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Real Sociedad... «Ez gaude bakarrik, aliatu pila ditugu laguntzeko prest, eskolek horrelako proiektu bat aurrera eraman nahi badute», zehaztu du Orbegozok.
Aldaketarako heziketa nahitaezkoa izanik, asmo hauei lotuta, 2017tik Naturan Hezi Eskola ere aurrera daramate helduak ekoalfabetizatzeko. Bertan, ia 90 lagun biltzen dituen topaketa bat egiten dute urtero, baita ikastaroak ere, bereziki Magisteritza fakultatean, etorkizuneko irakasleengan eragiteko, baina irekita daude beste interesdun helduei ere. Era berean, unibertsitateekin lantzen hasi dira DBHko ikasleei bideratutako jarduerak.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
