HITZETATIK EKINTZETARA: LEHEN URRATSA EGITEKO TALDE BULTZADA
Gipuzkoako herritarren eta entitateen 2030 Agendarekiko atxikimendua handituko duen konpromiso ekosoziala bultzatzeko lan ildoa du Kutxa Fundazioak. Horren barruan, hirugarren sektore ekosoziala aitortzeko eta indartzeko jarduerekin batera, herritarrak aktibatzea xede duen Hitzetatik Ekintzetara egitasmoa aurrera darama.

Datuen arabera, gizartearen gehiengoak bat egiten du Nazio Batuen Erakundearen 2030 agenda gisa ezaguna den garapen jasangarrirako estrategiarekin. Pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta mundu osoko bizitzak hobetzeko bide orria da; une honetan 17 Garapen Jasangarrirako Helburu (GJH) biltzen ditu, eta herritarren erdia norabide horretan ekarpen txiki bat egiteko prest dago. Asmo onak izan arren, ordea, gehiengoak ez du pausoa ematen. «Baina»-k alboratu eta inguruko kausekin engaiatzen lagundu nahi du Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara proiektuak. Konpromiso ekosoziala erraztu nahi du, planeta eta pertsonak erdigunean jarrita eta ingurumenaren eta gizartearen ongizatea guztiz uztartuta daudela ulertuta.
Egitasmoa Leire Olanok eta Garbiñe Etxezarretak kudeatzen dute, eta herritarrengan zuzenean eragitea du helburu, aktibazio puntualerako aukerak eta bizi ohiturak eraldatzen lagunduko duten tresnak sortuz. Aisialditik abiatuta sentsibilizazioa eta konpromisoa lortzeko bide batzuk garatu dituzte, esaterako, Gipuzkoako Baratze Parkeen Sarea. Parte hartzaileek filosofia bati jarraiki jardun behar dute: ekologikoan, kudeaketa eta tresna komunitarioekin, askotariko erabiltzaileak... 2021ean, ordea, ibilbide formalago bat pentsatzen hasi ziren, Arantzazulab, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste eragile batzuekin.
LAU URRATSEKO BIDEA
Abiapuntuko gogoetan jabetu ziren konpromisoa edota boluntario izatearen ulermena eraldatu egin dela, konprometitzeko aukera ez dela une oro bera eta denak kausa guztiei atxikitzea ezinezkoa dela. «Bakoitzak gertuen dituen edo nolabait ukitzen dituen kausak edukiko ditu, eta horiekiko konprometitzeko prest egongo da. Ez dugu zertan denok dena egin», zehaztu du Etxezarretak. Hori horrela, mugitzen duten horretara joateko bidea eskaini nahi dutela azaldu du Olanok: «Ulertu behar dugu batzuk prest gaudela gauzak egiteko, baina erraztasunak behar ditugu».
Gogoetaren emaitza lau faseko prozesu bat izan zen. Urtero GJH bat hautatu, eragile gakoak izan daitezkeenak identifikatu, eta ko-sorkuntza prozesu batean parte hartzera gonbidatzen dituzte. Hiruzpalau saiotan, bide-laguntza batzuen bitartez, ekintzak diseinatzen dituzte, ideia berriak edo elkarren artekoak nahastuta. Paraleloki, deialdi bat abiarazten dute gaiari zuzenean begiratzen dioten ekimen edo ideiak jasotzeko.
Bi bideetatik datozen jarduerak batuta, Klik agenda osatzen dute. Klik izena dute behin-behineko parte hartzerako ekimenek, eta eragileek eurek maiatz eta ekainean aurrera eramaten dituzte Gipuzkoako zenbait txokotan. Ondoren, hilabeteetako lana erakutsi eta eragileen protagonismoa ospatzeko, Topa! Jaialdia burutzen dute. Azkenik, mugimendu horretatik, zein ideia berma daitekeen aztertzen dute, dirulaguntza eta bide-laguntza prozesu baten bitartez erreplikagarria den tresna bat sortzeko.
ZUBI LANA
Lehen urtean, 2023an, “Gose eza” izan zuten ardatz, eta Biziola Goierriko kontsumo taldea ari da elikadura eskubidearen erronkari erantzungo dion tresna gauzatzen. Iaz, berriz, “Hiri eta komunitate jasangarriak” landu zituzten: nola sustatu hiri inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarriak. Kliken artean, Eibarren mural artistikoak osatu zituzten latak berrerabilita, adibidez.
Urtarrilean hasiko duten ediziorako, Kultura eta Hizkuntza aniztasuna aukeratu dute. «Izan ere, 2030 Agenda adostu zen unean, identitatearekin lotzen ditugun kultura eta hizkuntza helburu gisa berariaz ez jartzea erabaki zen; nolabait, zeharka 17 helburuetan agertzen zirela onartuz. Baina, kultura eta hizkuntza aniztasunean indarra jarriz, munduan zehar 18. helburua txertatzea proposatzen ari dira, eta Euskadin ere bat egiten dugu», nabarmendu du Etxezarretak.
Kutxa Fundazioak eragile aktibo izan nahi du eraldaketan, jada egiten dena balioan jarri eta erraztaile rola jokatu, baliabideak jarriz, antolatuz... Bestela elkarrekin ariko ez liratekeen eragileei lankidetzarako abagune bat eskaintzen die, eta sinergiez harago, beren jardunean iristen ez diren herritarrengana iritsi eta egiten dutena ezagutarazteko modua ere bada beste elkarte edo eragileen eskutik joatea.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
