Laso-Iztueta «Grinchek» Altunari magia eta garaipenari emozioa kendu diete
Laso nagusi izan zen aurreko koadroetan eta Iztueta gazteak maila bikaina eman zuen atzean, pilotakada bakoitza gozatuz eta huts gehiegi pilatu zituen Aranguren oso atzean mantenduz. Altunaren saiakerak, atzokoan, ez ziren nahikoa izan.

Gabonetan gaudela ikusita, ezin ditugu erlazionatu gabe utzi egun berezi hauek sortzen duten sentsazioa eta Jokin Altunaren magia. Biak bateratuta, ezin sentsazio hobea. Hala ere, Amezketakoak atzokoan ezin izan zuen barruan daraman makilatxoa atera, gehienbat aurrean, eta “Green capital” deritzon hiriko pilotalekuan jokatuta are gehiago, Laso-Iztueta “Grinchak” egon zirelako. Hori bai, berdez izan beharrean urdinez jantzita, magia kendu eta emozio askorik gabeko bosgarren garaipena lortu zuten 2025eko Binakako Txapelketan (13-22).
Seigarren jardunaldiari amaiera ematen zion neurketak ez zuen misterio handirik izan. Hasieratik urdinak atera ziren faborito, gehienbat txapelketan daramaten ibilbideagatik. Baina batek baino gehiagok gogoratzen ditu Altunak Ogetan egindako erakustaldiak, eta 22ra iritsi arte ezer ez dago eginda. Are gehiago gorriak 3-1 jarri zirenean, Amezketako magoak egindako bi tanto ederri esker.
Hortxe orekatu ziren apustuak, baina zerbaitengatik daude Laso eta Iztueta sailkapeneko bigarren postuan. Pentsa, oraindik porrotik ez duten Ezkurdia-Rezusta bakarrik daude beraien aurretik. Lau eta Erdiko txapelak ematen duen konfiantzaz baliatuta eta Iztueta bezalako gazte batek duen indarra eta gogoa batuta, urdinek oso bikote sendoa osatzen dutela argi utzi zuten berriro ere.
Lasok ondo asmatu zuen sakearekin, motz eta luze ateraz eta gorriak nahasiz; eta Iztuetak pilotakada guztiak gozatu zituen. Egia da partidako azken unean huts batzuk pilatu zituela, baina, orokorrean, bere debutean tolosarraren maila bikaina izan zen.
ALTUNA, MAGIARIK GABE
Baikoko atzelariak ez zuen aurkaririk izan atzeko koadroetan. Hainbeste partida pilatzen ari diren egun hauetan, Arangureni nekea nabaritu zitzaion partidako zenbait unetan. Gainera, kontuan izan behar da Aginagako atzelariak hatz batean mina izan duela azken asteetan.
Honen guztiaren aurrean, begirada guztiak Altunarengan zeuden. Baina Amezketakoak, nahiz eta saiakerak egin, ez zuen aukerarik izan. Laso bikain aritu zen aurrean, tartean tanto ederrak eginda, eta bizkartzain handia izan zuen berriro ere. ”Grinchak” dira.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
