Euskal Herria ordezkatuko duen selekzioaren lehen pilotakada
Egun osoko egitarau eta «Euskal Selekzioa Orain» ekimenaren lehen biltzarrarekin, Euskal Herriaren ordezkari izango den pilota selekzioa aldarrikatu zuten Makean. Hurrengo urratsak estuki lotuta egongo dira Euskadiko Federazioko hauteskundeekin.

Azken hilabeteetan pilotaren bitartez piztu da euskal selekzioen aldeko sugarra. Zerikusirik ere izango du 2021ean Estatu espainoleko Kongresuan onartu zen kirol legeak. Ofizialtasunerako ate bat ireki zitzaien lurraldean sustraituta dauden kirolei edo estatu mailako federazioa baino lehenago sortutako erakundeei (pilota eta surfa, kasu).
Ordutik, eszeptizismoa lagun, zalantzan jarri zen ataska bat ireki bai baina beste asko ez ote zituen itxiko lege honek. Apenas eman den pausorik lege hori onartu zenetik, stand by egoera nagusi izan da, pilotari amateurrek otsoa belarrietatik hartu duten arte. Herriaren sugarra berriro piztuta, Euskadiko Federazioa ere serio aritu da, eta 2024. urtea bukatzearekin batera, Nazioarteko Federazioan onartua izan zen. Ezinbesteko urratsa, Euskal Selekzioa ofiziala izateko.
Urrats bat egiten den aldiro, ordea, galdera asko mahai-gaineratzen dira: ze Euskal Selekzio izango da ofizial? EAEko pilotariek osatutakoa? Hegoaldekoek? Euskal Herria bere osotasunean ikusiko al dugu ordezkatuta? Bada, horri erantzun bat emateko eta Euskal Selekzioak Euskal Herria ordezkatu behar duela eragiteko helburuz, “Euskal Selekzioa Orain” ekimena aurkeztu zuten atzo Makean (Lapurdi).
«Euskal Herriko selekzioa sortzea» du xede, Amaia Larralde pilotariak GARAri aurreratu dionez. Zazpi lurraldeetako pilotariekin osatutako selekzio baten alde egingo dute borroka, baina horretarako Euskadiko Pilota Federazioaren hauteskundeen zain egon behar dute. «Jakiteko gu zer bilakatuko garen».
Hain zuzen, Euskadiko Federazio berrituak izango dituen ildoek markatuko dute “Euskal Selekzioa Orain” ekimenaren bidea. Larraldek azaldu duenez, bi hautagaitzeko batek, «Pilota Zazpi Haizetarak, gehiago militatzen du Euskal Herri osoko selekzioarekin», baina oraindik ez dakite «deus». Irabazten duenak irabazten duela, dinamika honen xedea zazpi lurraldeetako selekzioa sortzea izango da.
2026an Argentinan jokatuko da Munduko Txapelketa eta 2030ean Euskal Herriak hartuko du berriro ere, kasu honetan Bizkaian. Larraldek ohartarazi du Argentinako Munduko Txapelketara selekzio propio batekin iristea helburu nagusia den arren bitartean badaudela beste txapelketa batzuk ere, eta horietan euskaldunek ez Espainia ez Frantziako elastikoa defendatzean indarra egitea ere funtsezkoa dela.
UKO EGIN DUTENEI BABESA
Pilotari gazte asko biltzen dira horrelako txapelketetan eta joan den urteko ekainean pilotari talde batek uko egin zion Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari, honek euren ibilbidean ekar diezazkiekeen traba eta oztopoak asumituta. Iruñeak hartu zuen 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa abuztuan eta 2023an Biarritzen gertatu bezala, euskal kirol batean, etxeko pilotalekuan, selekzio propiorik gabe lehiatu zen.
Euskal Selekzioaren sorkuntzan eragile nagusia izateko asmoa argia den arren, Larraldek indarra jarri du Frantzia eta Espainiako selekzioei uko egin zien pilotari horiei babesa eskaintzean ere.
Oraingoz, lehen harria jarri dute Makean -prentsa agerraldi eta egitarau oparoarekin-, aurretik lan egin duten eragileen hauspoa hartuta (Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko Mugimenduarena zein ESAIT-ena). Lapurdin du sorrera “Euskal Selekzioa Orain” ekimenak, Ipar Euskal Herriko 15 pilotarien indarrarekin, baina Larraldek gogorarazi du «elkarte irekia» dela eta Bidasoaren bi aldeetako eragile zein elkarteekin elkarlanean arituko direla.
Larralde, pilotaria izaki, biziki motibatua dago fase berri honekin. Pilotak piztu du berriro ere euskal selekzioen aldeko sugarra eta, bereziki, Iparraldean «20 bat pilotari gazte mugimendu honetan borrokan» egoteari garrantzia eman dio. Hain justu, belaunaldi aldaketa ere gertatu da eta ireki den ataska hori guztiz zabaltzeko indarra egingo dute, Bidasoaren alde banatan, elkarrekin. Hurrengo hitzordu garrantzitsua, hilaren 25ean, Euskadiko Federazioko hauteskundeetan.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
