XOLE ARAMENDI
Dejabu konpainiako zuzendari artistikoa

«Diskurtso biktimistan erori gabe, kultura zaintzea erreibindikatzen dugu»

Psikodelia, paisaia amaigabeak eta bizia salbatuko dien zakur chihuahua bat dira Dejabuko kideen eskutik ikusleak egingo duen road movie-aren osagaietako batzuk. Errealitatea eta fikzioaren arteko jolasa oinarri hartuta, proposamen estetiko eta bisual indartsua dakar Dejaburen “itzulera” den antzezlanak.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Pozik daude Dejabu konpainiako kideak estreinuaren aurrean. Bihar Errenteriako Lekuona Fabrikan (20.00) da hitzordua. Ez da gutxiagorako, izan ere, helduentzako aurreko obra egin zutenetik hamar urte joan dira. “Arrastoak” izan zen azkena.

Denbora honetan ez dira besoak antxumatuta egon, halere. Etxeko txikienei zuzendutako lanak ondo dituzte, esaterako. Bada besterik. «Ez gara gelditu! Gero eta lan gehiago egiten dugu. Dela beste konpainientzat lanak zuzentzen, idazketan, abestiak eta audiogidak sortzen... Oholtzatik kanpo eszena arteak aplikatzen eman dugu denbora hau, tresna bezala baliagarriak non izan daitezkeen beste sortzaileekin. Baina une batean harra piztu zitzaigun berriro. ‘Itzuli behar dugu oholtzara!’, esan genion geure buruari», kontatu digu Ainara Gurrutxagak (Errenteria, 1977) hain berea duen irribarrea aurpegian.

ELKAR SARETUZ

Dejabu konpainiak elkarlana bultzatu izan du betidanik. «Kolaborazioak ez dira enkarguak izaten. Kontua ez da beste batzuekin lan egin behar dugula ekonomikoki bizirauteko. Beste sortzaileekin elkarlana egiten dugu, gure lengoaia haien zerbitzura jarriz. Mikelazuloko garaietatik egin dugu, ez genioke egiteari utziko, asko ikasten baita beste arteetatik», esan du aktoreak.

Profesionaki zein pertsonalki -ezin banatu- bizi duten momentuaren emaitza da antzerki obra berria. «24 urte egingo ditu aurten Dejabuk. Benetan polita da ikustea nola proiektu batek bere bizitza propioa daukan. Uste dugu proiektuak estankoak edo gugandik kanpo dauden gauzak direla; eta, bai zera!, bizitza organikoa duten egiturak dira. Hasieran freskotasuna eta indarra dago; gero bizitzak bere astinduak ematen dizkizu, familia daukazu edo zaintza lanak tokatzen zaizkizu, edo zuk ere adin bat daukazu. Ez gara honetaz konturatzen, iruditzen zaigu gauza solido bat dela proiektu bat, eta uste dut ez digula onik egiten horrela pentsatzeak. Gure zaurgarritasuna ez dugu kontuan hartzen», adierazi du.

«Heldutakoan gehiago jakingo dut bizitzari buruz, errazago egingo ditut gauza batzuk... pentsatzen duzu, baina nire esperientzia ez da hori. Igual 70 urterekin bat-batean argia ikusiko dugu! [irribarrea] Bizitza hau ikasteari buruz da, eta erronka berriak ekartzen dizkizu. Lehen kezka eta buruhauste batzuk zenituen eta orain beste batzuk dituzu, ez da aldatzen», gaineratu du.

DESIOA ETA IRUDITERIA

Arnasa luzeko lanak dira Dejabuk ondutakoak. «Urte eta erdi edo bi urte izango dira hasi ginela. Desio bat eta iruditeria bat -irudiak, oraindik ulertzen ez ditugunak- daude beti hasieran. Esplorazioa eskatzen digutenak», dio.

Gurrutxagarekin batera, Urko Redondok eta Miren Alcalak osatzen dute Dejaburen zuzendaritza artistiko taldea. Gozamena bilatu dute “itzulera” honetan. «Ospakizunerako gogoa geneukan. Komedia bat egin nahi genuen, gainera abenturazkoa, geuk ere hori behar genuelako gure bizitzan» [barrez}. «Euskal kultur sortzaileen egoera prekarioa hor dago. Neke asko dira, borroka egin behar duzu eta ez duzu nahi, lasai bizi nahi duzu... ‘Itzuliko bagara oholtzara eta emango baditugu bi urte zerbaiti sakontasuna bilatzen, izan behar du zerbait oso gozagarria’, esan genion geure buruari».

«Zuzenean errealizatutako zinema da obra hau zati handi batean», Gurrutxagaren hitzetan. Road movie baten eskema dramaturgikoa hartuta osatu dute. Ihesaldia. «Erritmo biziko obra da», dio. Maketen erabilpena da Dejaburen ezaugarrietako bat. «Gauzen eskalak guretzat garrantzia berezia du. Maketekin lantzen dugu txikitasuna, handitasuna, begirada...», azaldu du Gurrutxagak.

David Aguilar, Zazpiterdi zinema kooperatibako kidea, zuzenean ikusi ahal izango da agertoki gainean bideogintza egiten, Dejabuko hiru kideekin batera. Honez gain, zuzeneko musikaz gozatuko du publikoak. Amorante tronpeta jotzen eta Ander Mujika gitarra eskuan. Ander Fernandezek egin du musika konposaketa. Iara Solano (bidelaguntza artistikoa), Mariana de la Mata (gidoian bidelaguntza) eta Barbara Rasso (jantziak) ere ondoan izan dituzte proiektuan.

DOKUMENTALAREN GRABAKETA

Kanpo zein barne bidaia. Nora eta Mexikora. Hauxe biziko du Dejabuko kideen eskutik ikusleak. Uneren batean publikoa ere bidaiari paperean sartuko da. Dokumental bat grabatzera doan taldea du protagonista. Krisi bat tarteko, hainbat gertakari izango dituzte bidean, eta baita ezusteko bat ere. Kuriosoa da obra nola sortu zen. «Hasieratik dugun sentsazioa da obra gu sortzen ari dela. Badakit pixka bat metafisikoa dela, baina horretan sinesten baduzu, eta gure kasuan hala da, oraingoan modu are bereziagoan, obra gugana etorri da. Gorputzak eta irudiak dantzan jartzen ditugu eszenan. Eta hor Mexikoren oso tankerako gauzak zetoztela ikusi genuen. Palmondoak, pertsonaiak, erritual psikodelikoak... zegoen mundu bat... Hau Mexiko da! Eta hara joatea erabaki genuen. ‘Badirudi gure obrak bertan nahi duela gertatu, beraz bertara joan beharko dugu’, pentsatu genuen», gogoratu du.

Hiru kideek euren bidaia partikularra bizi izan dute obraren eskutik. Metaforikoki eta fisikoki. «Bost astez Mexiko DFtik Oaxaca, Chiapas eta Yucatanerako bide osoa egin genuen. Ondorioz, paisaia beste protagonista bat da obran. Meridako antzerki konpainiarekin eta Yucatango antzerki eszena biltzen duen Alterna izeneko sarearekin kontaktua egin genuen. Astebete pasatu genuen beraiekin, bertako eszenaren egoera ikusteko. Beraien jatorri prekolonizatuaren inguruko gogoeta guztia, nola ekarri hori oholtzara... oso interesgarria izan zen. Tailer bat ere eman genuen Meridan. Sekulakoa izan zen. Teatro de la Rendija eta Belaqua konpainiekin aritu ginen. Lanerako espazioa eta ostatu hartzeko tokia eskaini zizkiguten. Orain audio bidez parte hartze txikia dute obran», kontatu du. Luis Alberto Rodriguez, Ipar Euskal Herrian bizi den mexikarra ere antzezlanean ari da.

AUTOFIKZIOA ESPLORATU

Errealitatearen eta fikzioaren mugan. «Gure buruari jarri nahi genion jolasa zen autofikzioa esploratzea. Ez dugu inoiz egin. Jende askok egin du, baina guri pudorea ere ematen zigun. Obrak eskatzen zuen gu izatea. Iruditzen zitzaigun oso baliagarria zela guk gure esperientzia propioa jartzea oholtzan», azaldu du.

Benetako izenarekin zapalduko dute agertokia Gurrutxagak, Alcalak eta Redondok. «Hor hasiko da jolasa. Kontatzen ari direna zenbateraino da egia? Zenbateraino asmakeria? Beti ibiltzen gara mundu horretan gure sorkuntzatan. Era berean, lan egiten dugu ikusezina den horrekin. Edozein artek bezala. Emozioak, sentimentuak, memoria... Memoriak zer forma dauka? Ikusezina materia bihurtzen dugu artistok, etengabe. Abiapuntuan jada badago galdera hori: zer da errealitatea eta zer ez da? Emozioa, adibidez, erreala da, nahiz ez dugun ikusten...? Nola adierazten da paisaia edo eszena batean hitzez oraindik azaldu ezin den hitz bat? Edo zauri bati edo beldur bati, zer forma emango diozu oholtzan? Gu beti gaude kinka horretan. Errepresentatu egingo duzu zure bizipen bat, bai ala bai. Debate oso polita da. Gure bizitzaren %95 da ez ukigarria, ez tangiblea eta ez materiala. Eta gure bidea markatzen du. ‘Hori benetan horrela gertatu zen’ esaten du norbaitek; ‘Noski, zure bizipenean’ esaten diogu. Autobus berean egun berean egon zen beste norbait, eta errealitate guztiz desberdina bizi izan zuen. Obra honetan badago horren gaineko gogoeta», argitu du antzerkigileak.

BIZITZAREN METAFORA

Atzera begira jartzeko gonbita luzatu diogu Gurrutxagari. 24 urte nola joan dira? «Edozein proiektu bizitza beraren metafora da. Ilusioak, erorketak, galtzea (ez jakitea zertan ari zaren bizitza honetan), ospakizunak, laguntasuna, bestearekiko harremana... Abentura zoragarria da, taldean egina. Gure erronka hori da. Bat erortzean besteak nola heltzen dion. Hori da politena. Misterioa eta miraria da martxan jarraitzea», egin du gogoeta.

Zorteko sentitzen da errenteriarra «kultur sistema nola dagoen ikusita». «Oso baikorrak gara. Biktimismoan erorita kalte asko egiten diozu zure buruari eta inguruari; gertatu izan zaigu. Konturatzen zara modu horretan ez zoazela inora. Diskurtso biktimistan erori gabe, positiboki erreibindikatzen dugu -protestaren aldekoak gara- kultura zaintzea. Tangiblea ez den hori, gizartea sostengatzen duena. Eta etorkizunean gehiago. Kultura da saretzen gaituena, etorkizuna asmatzeko tresnak ematen dizkigu-eta, ez sinesteko beste kultura inperialistagoek esaten diguten lehenengo gauza. Kultura da denon artean zaindu behar dugun harribitxia. Hori erreibindikatu behar da. Eta bitartean, saiatu aportazioa pozez egiten. Eta propositoarekin eta zentzuarekin», azpimarratu du Gurrutxagak.

ERRITUAL BOTERETSUA

Garbi du antzerkigile errenteriarrak: ez dago antzerkia bezalako besterik. «Tresna oso fuertea da. Leku batean elkartzen ditu pertsonak elkarrekin bizitzeko. Guk eta publikoak elkarrekin osatzen dugu aktu eszenikoa. Erritual oso boteretsua da. Pertenentzia zentzua ematen digu. Agora antzekoak, bertan herriak senti eta espresa ditzazke normalean kanpoan egin ezin dituenak. Eta sentitu gizartea garela, bihotz handia dugula, arima, eta hori dena partekatzeak sanazio handia dakar».

Politika publikoei dagokienez, gaia «konplexua» dela onartu du. «Administrazioak hain dira egitura mardulak, harrizkoak, gogorrak.. edozein mugimendu arriskutsua ikusten baitute. Eta justu kulturak behar du airea, dinamika. Kontrolik gabeko espazio hutsa behar du. Eta herritarrei beraien kasara egitea. Eta Administrazioa urduri jartzen da».

Lan dibertsifikazioa gero eta ohikoagoa da kulturgintzan garai hauetan. Hainbat kasuetan ezinbestean. «Atzera begira jarrita pentsatzen duzu, nola agoantatu genuen urte zail haietan, ekonomiarik gabe, hala ere aurrera eginez. Orain gutxi arte horrela izan da guretzat. Bitalki beste momentu bat iritsi zenean, familia, zaintza, hipoteka... klik egin eta egundoko biraketa egin genuen. Bestela ez zen sostenigarria. Alternatibak bilatzen hasi ginen, ekonomikoki sostenigarria izateko. Oso pozik gaude bide horrekin. Baina ez bada posible momenturen batean, utzi eta kito, deitoreka ibili gabe. Gauzak zailak jarriko balira, utzi egingo genuke», esanez amaitu du.

Estreinaldiaren ondoko emanaldiak dira: Arrasate (urtarrilak 19), Bilbo (urtarrilak 23), Elorrio (urtarrilak 24), Donostia (urtarrilak 25)...