Sutan jartzean probatu su-etena
Sasoian sasoikoa, idatzi gabeko legeak agintzen duen legez. Txotx denboraldia abian, aurton Gure Zirkuak abiarazi ere! Hortaz, zenbat zirku karpa gabe eta zenbat karpa zirku gabe gaurko mundu aldrebesean! Gure Sagardo Berria egin dute oihu barnealdean. Gure Txakolin Berria oihu ere, kostaldean. Nork bere uzta, eta uzta beti berri! Uzta berri on! Eta mahaitik altxatu barik, kolpea gero hau ere! Noiz eta egun hauetan, zer eta kroketaren nazioarteko eguna! KNE siglarik baleuka! Egutegian leku librerik balego gorriz markatzeko eguna litzateke, nahiz eta seguruenik horrek ere nolabaiteko eztabaida sortuko bide zuen ohiko ezker klasikoan: zerez betetako kroketa klase? Bakailaoaz ala urdaiazpikoaz? Kroketa borroka! Amen!
Jakin nahi nuke nik zelan ospatzen diren halako nazioarteko egunak Gaza zerrendan, ezelako epaiketarik gabe su artean bizirauteko kondenatuak izan diren lagunen lurraldean. Su-etena helduko zaie gaur, antza, itxuraz, omen, agidanez, nonbait… suerte! pentsatuko dute batzuek, hondamena hondamen. Bertsolari harena gogoan, berriro ere, sutan jartzean probatzen da nolakoa den su-etena! Halako su-etenak etengabe irautea da erronka, hots, halako tragedietan bakea ezartzea! Eta gerokoak geroko! Hain dira su-etenak etenerrazak! Eta burutik ezin kendurik nabil su-etenaren aurreko orduetan bonbardaketek hondamendiko hondarretan utzitako hildakoak. Infernuko atea zabaltzear dela barruan zerraldo eroriak…
Sua eten nahian, edo, dabiltza batzuk Groenlandia bereganatu gurarik, hango glaziarrek Hollywoodeko sua amata dezaten. Kolpea gero, oraingoan efektu berezirik ez auzo horretako suteko irudietan. Den-dena berezkoa da, naturala, han oraindik naturarik balego sikiera! Aurretik gidoirik gabe ere izan badela zer kontatua. Hamaika dugu ikusteko eta halako bi ikasteko…

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
