Odisea bisual eta emozional zoragarria

Munduak hondamendi moduko bat jasan du eta uraren maila gero eta gehiago igotzen ari da. Testuinguru horretan, ahal duen bezala bizirauten duen katu beltz txiki bat ageri da. Hau izango da film letoniar eder honetako protagonista.
“Flow” filmak, elkarrizketarik gabe eta narratiba bisual txundigarria erabiliz, biziraupen eta auto-aurkikuntza bidaia batean murgilduko du ikuslea; musika, soinu efektuak eta, batez ere, irudiak dira narratibaren bide nagusiak.
Animazio inguratzailea eta giro onirikoa ditu filmak, eta bakardadeari, bizikidetzari eta erresilientziari buruzko istorioa da. Espezieen arteko bizikidetzaz, elkartasunaz edota egokitzapenaz ere badihardu. Odisea bisual eta emozional zoragarria osatu du Gints Zilbalodisek.
Animazio lanak aipamena merezi du: film independentea da -3,5 milioi euroko aurrekontua-, beraz, ez espero Pixarren ekoizpenetan ikusi ohi ditugun pertsonaia hipererrealistarik edo bereizmen handiko sekuentziarik. Muga teknikoak agerikoak dira, baina izan dituzten baliabideak azken zirrikituraino zukutu dituzte; aho zabalik uzteko moduko lana egin dute.
Lehen minutuetan, estetikoki, bideojoko baten kutsua duen arren, behin barneratuta, hipnotizatu egingo zaitu. Plano bakoitza zehatz-mehatz diseinatuta dago, koloreak oso iradokitzaileak dira eta murgiltze sentsazioa etengabea. Erritmo patxadatsua du, pelikula nahiko lasaia eta kontenplatiboa da, baina bertan topatuko dugu lan honen indargunerik handiena. Soinu banda minimalistak atmosfera etereoa osatzen du, ikuslearen emozioak hitzen beharrik gabe gidatuz.
Konbentzio narratiboak apurtzen dituen film zoragarria da, esperientzia zinematografiko desberdinak bilatzen dituztenentzat ezinbesteko lana. Harribitxia.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
