GARA
BUENOS AIRES

Feminizidioaren figura kendu nahi du Javier Mileik Zigor Kodetik

«Pribilegioak ekartzen dituelako» eta berdintasunaren mesedetan, Javier Mileiren Gobernuak feminizidioaren figura Zigor Kodetik ezabatuko duela iragarri du. 2024an 318 emakume hil zituzten genero-indarkeriagatik, 27 orduero bat. Feministek aurka jo dute.

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat Buenos Airesen, ekainean.
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat Buenos Airesen, ekainean. (Luis ROBAYO | AFP)

 

Ostiralean Argentinako Gobernuak jakitera eman zuenez, Javier Milei presidenteak genero arrazoiengatik emakumeen hilketen zigorra larriagotzen duen «feminizidio» figura zigor-kodetik kendu nahi du.

La Casa del Encuentro erakundearen arabera, Argentinan 2024an genero-indarkeriaren 318 biktima izan ziren, 27 orduero bat, eta 343 seme-alaba amaz umezurtz geratu ziren.

«Argentinako zigor-kodean feminizidioaren figura ezabatuko dugu. Administrazio honek berdintasuna defendatzen duelako gure Konstituzio Nazionalean ezarritako legearen aurrean. Bizitza bakar batek ere ez du beste batek baino gehiago balio», esan du Mariano Cuneo Libarona Justizia ministroak X sarean.

Mileiren ustez, feminizidioak «emakume baten bizitzak gizon batenak baino gehiago balio duela legeztatzen du». Hala adierazi zuen ostegunean Suitzan Munduko Ekonomia Foroan hitzaldi batean. Figura hau 2012an inplementatu zen, baina ez esplizituki, zigor-kodearen 80. artikulua aldatu zuen lege baten bidez baizik, genero-indarkeria tarteko emakume bat hiltzen duen gizon baten jokabidea modu larriagoan kriminalizatzeko.

Gaston Francone abokatuak, zuzenbide penalean aditua denak, AFPri azaldu dionez, «emakume bat hiltzeak ez zaitu zuzenean feminizidioan sartzen, emakumea izateagatik hil behar duzu».

Argentinako erakunde feministak eta giza eskubideen aldeko erakundeak Milei presidenteak egindako adierazpenen aurka agertu dira, eta «diskriminatzailea, homofoboa eta ukatzailea» dela esan dute. «Baieztapen horiek, Argentinako zigor-kodetik feminizidioaren figura juridikoa ezabatzeko asmoarekin batera, ikusezin bihurtzen dituzte emakumeek eta neskek jasaten dituzten indarkeria ugariak», dio Aralma elkarteak.