GARA
BRUSELA

Euskara, katalana eta galegoa ofizialtzeaz berriz mintzatu nahi dute EBn

Europar Batasuneko Estatu espainoleko idazkari Fernando Sampedrok espero du seihileko honetan ministro-mailan eztabaidatzea hizkuntza koofizialak EBko hizkuntza erregimenean sartzeko proposamena, Polonia Kontseiluaren buru den bitartean.

«Gure asmoa gai hau Poloniako presidentetza honetan Gai Orokorretarako Kontseiluaren agendan jorratzea da», adierazi zuen Sampedrok atzo Bruselan. Idazkariak azaldu zuen Gobernu espainolak euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunari lehentasun gisa eusten diola Europa mailan. Prozesu hori Madrilek abiatu zuen Bruselan, txandakako presidentetzaren hasieran, 2023ko udan, eta estatu kide guztien adostasuna behar da aurrera egin dezan.

Zenbait estatu kidek susmo txarrez hartu izan dute proposamena, lege-, finantza- eta politika-arazoengatik, baina Gobernuak, hala ere, behin eta berriz esan du maila teknikoan harremanak dituela eta lehentasun handiena ematen diola. Gaia 2023ko bigarren erdian espainiar Estatuaren lehendakaritzan egin ziren Gai Orokorretarako Kontseilu guztien agendan egon ondoren, behin soilik itzuli da ministroen mahaira, iazko martxoan Belgikaren presidentetzapean.

«Espero dut otsailean Poloniako lehendakaritzarekin bilerak izatea Varsovian eta gai hori ere lantzea, seihileko honetan modu esanguratsuan aurrera egin dezakegun gai bat izan dadin», azpimarratu zuen idazkariak.