Migratzaileen aldeko elkartasunari buruzko auzia, urrira
Joan zen igandean Irun eta Pausu artean igaro zen manifestazioaren oihua, “J’accuse”, Baionako Auzitegira eraman zuten atzo, 14.00etatik goiti auzipetzekoak ziren zazpi herritarren sostenguz. Alta, hasi eta berehala jujeak adierazi zien auzia gibelatua dela, urriaren 7ra.
Gibelamenduaren arrazoia defentsak aurkezturiko galdera aurrejudizialak dira, horien azterketa itxaron behar baita auzia gauzatu ahal izateko. Izan ere, Europako Giza Eskubideen Gortera doaz galdera horiek. Hala, auzitegi aitzinera atera ziren zazpi herritarrak. «Guretzat lehen garaipen bat da, eta denei esker lortu dugu», izan ziren LABeko bozeramaile Argitxu Dufau auzipetuaren hitzak.
Orotara, 3.500 autoinkulpazio bildu dituztela ezagutarazi zuen, baita horiek guziak eskertu ere. Horien bidez, Emile Zolaren aldarria haiena eginez, mugarekin topo eginen duten migratzaileei bide seguruak bermatu behar zaizkiela defendatzen dute eragileek.
Herritar eta eragile andana bildua zen auzitegiaren atarian. Haiei denei, mobilizatu den herritar orori eta laguntza eskaini dieten erakundeei esker hitzak zuzendu zizkieten auzipetuek.
Egozten zaizkien gertakariak 2024ko martxoaren 26koak dira. Orduan, Korrikaren harira, trantsitoan ziren 36 pertsona migratzaile Lapurdira igaro zitezen lagundu zuten zenbait eragilek. EBren zein frantziar eta espainiar estatuen «migrazio politika hiltzaileak» salatzeko garaturiko «desobedientzia zibileko ekimena» haien gain hartu zuten, handik egun batzuetara, dozenaka eragilek.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
