MARCEL PENA
BILBO

Kilimak taldeak Kubako soinu beroak ekarri nahi izan ditu «Irrikitan» disko berrian

Kilimak Hernaniko taldearen musika latinoa bueltan da “Irrikitan” diskoarekin. Baga Biga etxeak argitaratu du. Taldearen bigarren lan honetan soinu eta mezu berriak uztartu dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz, zortzi kanturekin, Kubako doinuei garrantzia berezia emanez.

«Irrikitan» diskoaren aurkezpena, atzo, Bilbon. skar MATXIN EDESA  FOKU
«Irrikitan» diskoaren aurkezpena, atzo, Bilbon. skar MATXIN EDESA FOKU (O)

“Irrikitan” (Baga Biga, 2025) da Kilimak taldearen bigarren diskoaren izena. Hernaniko taldeak soinu berriak bereganatu ditu, “Euskal Herriko Runba” aurreko diskotik urrundurik, bai estiloen aldetik, bai mezuaren aldetik, euskara eta gaztelania nahasten dituzten kantez. “Irrikitan” Bilboko Bira Kulturgunean aurkeztu zuten atzo, eta disko berriaren bi kanta jo zituzten zuzenean.

Hauek eta diskoa osatzen duten beste sei abestiak 2024ko iraila eta urrian grabatu zituzten, Paxkal Etxepareren estudioan. Etxepare bera izan zen taldeari soinu berriekin jolastea proposatu ziena. «Estiloari dagokionez, dantzagarria izaten jarraitzen du, baina kantak lehenengo diskotik aldentzen dira. Estudiotik norabidea galduta irten nintzen. Gero, etxean egon nintzen kantu horiei buelta bat ematen, gehiago lantzen eta nire buruari esan nion: zergatik ez gure abanikoa zabaldu? Paxkalen proposamenarekin fidatu nintzen, eta egia da oso gustura atera garela disko honekin», adierazi zuen Agus Garmendiak, taldeko ahotsak eta kantuen konposizio arduradunak.

Onartu zuten estiloan eboluzio bat egon dela. “Euskal Herriko Runba” debuteko lana «rumberoagoa» izan zen, eta “Irrikitan” diskoan doinu latinoak eta soinu elektronikoak sartu dituzte, «runba atzean utzi gabe», Ione Zozaya taldeko beste ahotsak azaldu zuenez.

«Merengetik, latin-pop-etik eta 2000. urteko “Caribe Mix”-etik asko edan dugu disko honetan. Beti gustatu izan zaigu musika hori, bere errepikak eta dantzagarritasuna. Hor ikusi genuen nola lantzen zen elektronikoa benetako instrumentuekin eta hori sartu nahi izan dugu», esan zuen Garmendiak. Soinu eta erritmo aniztasun hori diskoa osatzen duten zortzi kantetan islatzen da. Baita mezuen aldetik ere.

«Lehen diskoak ironia eta kritika sozial gehiago zeukan. Disko hau, ordea, bi hitzetan deskribatuko nuke: maitasuna eta bizitza. Bai norberaren bizitza, bai ondokoena, bai gure buruarekiko maitasuna, bai ondokoekikoa», laburbildu zuen Zozayak.

Bide honetan berebiziko garrantzia izan dute Yosmel Lazok eta Fabian Reyesk, Kubako sustraiak dauzkaten taldekideek. «Musika latinoa hemen ezagutzen da, baina dena ez da reggaeton. Kubako musika tradizionalaren soinuak ekarri ditugu, ahal izan den neurrian, aurreko ibilbidetik gehiegi urrundu gabe», ohartarazi zuen Lazok.