Arnaitz GORRITI
Entrevue
koldo arsuaga
Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidente hautagaitzako kidea

«Federazioko dirua ezin da banketxean gordeta egon, klubentzat behar du»

Astelehenean izatekoak ziren Saskibaloi Federazioko hauteskundeak, baina eten egin ziren EAEko Kirol Justizia Batzordeak «Baskeet Gara» hautagaitzaren eskabidea onartu ostean. Halere, Luis Mari Sautu presidentearen hautagaitzako kide Koldo Arsuagak «itxaropena» du «orain lau urteko sorpresa erlatiboa» hurrengo lau urtean «finkatzeko».

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Saskibaloiaren maila gorenetan euskal jokalariak ikustea ez da erraza, gutxi batzuk badauden arren. Nolanahi, saskibaloia da Hego Euskal Herrian, EAE eta Nafarroa biak batuta, lizentzia gehien duen kiroletako bat, bereziki emakumeen artean, futbolaren bultzada «ikaragarria» -hautagaitza bietatik jasotako erreakzioa- izaten ari bada ere.

Koldo Arsuaga Luis Mari Sauturen taldean dago. «Tolosako Adiskideok» klubeko presidentea diruzain karguaz arduratuko litzateke, irabaziz gero. Lau urte hauetan «isileko lanaren fruituak», «izaera presidentzialista laga eta lanari ekin dion taldea» eta «euskararen bultzada» zein «gazte mailetan euskal selekzioen bultzada» ezarri direla baieztatzen du eta bide horretatik aurrera jarraitzea nahiko luke.

Duela lau urte Sauturen garaipena sorpresa izan zen. Berriz irabaztea hala litzateke?

Sorpresa erlatiboa izan zen, batez ere ikusita zein alderekin irabazi zuen. Orain ez litzateke hainbesterainokoa izango, azken lau urteetan egin dena finkatzen joan dela adieraziko lukeelako.

Zein da ba zuen hautagaitzaren lau urte hauetako balantzea?

Talde lanaren aldeko apustu bat, aurrera atera dena. Talde anitza eta integratzailea osatu dugu eta isilean lan handia egin dugu EAEko saskibaloiaren alde, Nafarroa edo Akitaniako klubekin harremanak ahaztu gabe. Taldeari garrantzia eman nahi izan diogu; izan ere, aurreko presidentearen kudeaketa oso pertsonalista izan zen; eredu oso presidentzialista eta pertsonalista, hitz gutxitan esateko. Irudiari eta itxurari garai batean zuen indarra kendu diogu eta kirol arloa indartzen saiatu gara, klubentzat eta Federazioarentzat diru sarrerak eta egonkortasun handiagoa bilatuz.

Federazioak egunerokoan oihartzuna galdu duela diote. Hala uste duzu?

Nik uste isileko lana indartu dela. Esaterako, euskararen presentzia asko handitu da; webgunean, adibidez. Federazioaren webgunea lehen gaztelera hutsean zegoen eta, lau urte hauetako lanari esker, erabat elebiduna da eta horretan sakontzen joatea nahiko genuke eguneroko lanean ere.

Adibidez, euskal selekzioarekin azken lau urteetan lan handia egin dugu; gazte mailetan, FIBAren egutegia saturatua dagoelako seniorrekin. Baina Portugalekin, Eslovakiarekin edo Suitzarekin hitzarmenak egin ditugu -20 urtez azpiko selekzioak, 17 urtez azpikoak, neskak eta mutilak...- gugana jokatzera etortzeko edo gu haiengana joateko. 3x3ko alorrean lana egiten ari da, Euskal Kopa ezberdinak egin dira, Lehenengo Nazional mailaraino zabalduz...

Zeri eman nahi diozue garrantzi handiena?

Hiru ildotan: kirola, gastua eta komunikazioa. Kluben arteko batzorde bat osatu nahi dugu, erdigunean klubak jarrita, konpetentzia berriak ezarriz eta harremanak sendotuz. Entrenatzaileen eta emakumeen presentzia ere indartu nahi dugu; zentzu honetan emakume entrenatzaile gehiago egon daitezen pausoak eman eta baita jazarpenaren kontrako protokoloetan sakondu ere, azkarrago eta hobeto erantzuteko gai izan gaitezen.

Ekonomiari lotuta, gardentasun portal bat irekita dago eta udaletxe, Aldundi eta Jaurlaritzarekin ere akordioak ixten ari gara diru sarrera egonkorrak izan ditzagun. Bestetik, Federazioko dirua ezin dela banketxean gordeta egon sinisten dugu, klubetan inbertitu behar direla baino.

Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko duzue?

Mahai gainean jarriko dugu, baina argi izan behar da gazte mailetan egiten ari garen lana. Seniorrekin arazo handiagoak izaten ari gara, batez ere egutegiagatik. Herrialde ezberdinetako taldeekin hitzarmenak egin ditugu; joan den udan Eslovakian izan ginen, adibidez, eta gero zenbait hitzarmen sinatu ditugu Nafarroako edo Akitaniako federazio eta taldeekin ere. Iparraldean jokatu izan dugu, esaterako.

Badakigu beste hautagaitzak seniorretako selekzioaren partidak faltan botatzen dituela; guk ere bai. Baina Barakaldoko Torneoan Espainiaren aurka jokatzen zuten, beste urratsik egin gabe.