Altunaren aztikeriak aurkariak izutu eta otzanduta laga ditu
Bikuñaren lan bikainak lagunduta, airean eraman zituen Amezketakoak Artola eta Mariezkurrena, beren egiazko mailatik oso urruti aritu zirenak.

Altunari «aztia» ezizena jarri zionak bete-betean asmatu zuen. Atzo, Bikuña bizkartzain lanetan hartuta, egundoko astindua eman zion Artola eta Mariezkurrena II.a bikote gogorrari. Hala, final-laurdenetarako txartela garaipen bakarrera geratu zaie garaipen honen ostean, Amezketakoak Miribillan magia oneneko saio itzela eskaini eta gero.
Magia gorria eta magia beltza. Izan ere, errematean Amezketakoak eman zuen erakustaldia sekulakoa izan zen, berdin partidaren martxa agintzerakoan ere. Baina, batik bat, urdinei eragin zien beldurra, izua, ikara... ez sinestekoa izan zen.
Artolak jokoan bi tanto baino ez zituen egin eta Altunaren aurrean pilotari ñimiño baten traza erakutsi zuen, beste askotan erakutsi duen indar eta kemenetik oso urruti. Mariezkurrena, berriz, bikain hasi zen, Bikuña erreboteko hormaren kontra iltzatuz, baina atzelari nafarra ere beherantz joan zen apurka, Altunaren erakustaldiaren aurrean burua erabat makurtuta.
Altunaren magiak Bikuña ere kutsatu zuen. Donostiarrak 21-12ko tantoa errebotera jota amaitu zuen eta Arangureni inork uste baino errelebo hobea eman zion.
DEFENTSATIK ERASORA
«Defentsan aritzera mugatzen bagara, ezingo dugu irabazi, eta ahal dela erasora jokatu beharko dugu», adierazi zuen partida hasi aurretxoan Amezketako aurrelariak, baita esandakoa betetzen ahalegindu ere.
Artolari hortzak erakutsi zizkion Amezketakoak eta Alegiakoa ez zen Altunaren erauntsiari erantzuteko gai izan. Partidak aurrera egin ahala, gainera, Altunari iheska bezala aritu zen, eta 12-9an aurreneko atsedenaldia hartuta, Amezketakoak partida mila puskatan hautsi zuen.
Hala ere, beste garaipen bat beharko dute Altunak eta Arangurenek final-laurdenetarako sailkatzeko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
