Irun eta Hendaia lotzen dituen Pierre Loti bidegorria ireki dute dagoeneko
Irun eta Hendaia lotzen dituen Pierre Loti bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide berria erabil daiteke jada. Atzo inauguratu zuten Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek, Irungo alkate Cristina Labordarekin batera.
Ibilbideak 1,2 kilometroko luzera du, Plaiaundi kaletik abiatu eta Iparralde hiribideraino -Ekoetxea ingurumen zentroaren ondoan- iristen da, eta Bidasoa ibaiko uren gainetik doa, mikropiloteen gainean finkatuta dagoen egurrezko pasabide baten bidez. 3,5 metroko batez besteko zabalera du eta ia ez du aldaparik.
MUGIKORTASUN JASANGARRIA
Mikel Jauregi Lakuako Industria sailburuak nabarmendu zuenez, ibilbide berri hau «aurrerapauso bat da mugaz gaindiko ingurunean mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, oinez eta bizikletaz egiten diren ibilbideei lehentasuna emanez, eta Hondarribia, Irun eta Hendaia arteko lotura hobetuz».
Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok bidegorri berriaren garrantzia nabarmendu zuen: «Horrelako azpiegiturak funtsezkoak dira automobilaren erabilera mugatzeko, emisioak murrizteko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko, gure hiriak biziberrituz eta komunitatearen arteko loturak indartuz».
Cristina Laborda ere ildo beretik mintzatu zen eta «mugikortasun jasangarriko eredu berriak bultzatzen» jarraitzeko beharra azpimarratu zuen. «Oinezko eta bizikletentzako konexio berri honek hainbat onura ekarriko die ez bakarrik irundarrei, baizik eta Bidasoko eskualdeari».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
