Errepikatu eta errepikatu, egia bilakatu
Populismoa modan dago. Diskurtso populistak etekinak ematen ditu. Populistek mezu bat zabaldu eta herriaren beharrak defenda ditzaketen bakarrak direla sinetsarazi nahi izaten dute. «Besteen» aurka jartzen dira kontakizun faltsuekin, gai konplexuak sinplifikatuta mantra edo esaldi sakratuak sortuz.
Azken egunotan deigarria egin zait euskal hezkuntzan lanean ari diren eragile batzuek jokabide hau beren egitea, Zarauzko Ikastolari Hezkuntza Sailak ezarri dion 140.000 euroko isunaren harira. Deigarria, baina ez harrigarria. Urteak doaz diskurtsoa lantzen. Eta oraingo irakurketa ikusita, beraien oldarraldi ideologikoa bistan da.
Gatozen gertakarietara. 2023. urte hasieran, Zarautzen matrikulatzeko adinean aurreko urtean baino 20 haur gehiago egon arren, Hezkuntza Sailak bi lerrotara mugatu zuen HH2ko matrikulazioa Salbatore Mitxelena ikastolan. Akatsa zelakoan, alegazioak sartu ziren, baina ezezko erantzuna jaso zen. Matrikulazio kopuruekin ikusi zen hiru lerro zegozkiola ikastolari. Zortzi haur kanpoan utzi zituzten. Legeak dioen moduan, jasotako matrikula kopuruaren arabera eskaintza egokitu eta doitu izan balute, zortzi haur horiek gurean leudeke. Oso ekuazio sinplea da.
Bestalde, 23-24 ikasturterako ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindua argitaratu zen berrikuntzekin. Lehen aldiz zaurgarritasun indizearen nondik norakoak ezarri ziren eta Ikastolen Elkarteak onartu zituen. Zarauzko ikastolak zegozkion «ikasle trukeak» egin zituen herriko zaurgarritasun indizea orekatzeko. Zarauzko ikastolak beti zabaldu dizkie ateak familia zaurgarriei. Barne beka sistema bat ere badugu beraiei laguntzeko. Beraz, isunaren afera gai honekin lotu nahi dutenek badakite gezurretan ari direla.
Hau da, ordea, zenbaiten «argudioa». ETBko albistegietan isuna zaurgarritasun indizea ez betetzearekin lotu nahi izan zuten, nahiz eta berariaz azpimarratu genuen hori ez zela horrela. Beste eragile batzuk ildo beretik eta haratago doaz.
Lurdes Imaz Ehigeko koordinatzaileak Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan isunari buruz hau zioen: «Ari gara lege urraketa batez: inklusioa, bizikidetza, aukera berdintasuna, eta abar. Horretaz ari gara eta ez beste ezertaz»; «plaza batzuk dira ikasle zaurgarrientzat eta beste batzuk ez zaurgarrientzat, eta hor egon da lege urraketa»; «neurri gutxi batzuk hartu ditu Hezkuntza Sailak inklusioa lortzeko... lege urraketa arlo honetan eman da, ez beste ezertan». Laburpena erraza da: honetaz hitz egin behar da, ez beste ezertaz. Ideiak sinplifikatu eta mantra/gezur zehatzak: «Ikastolak ez du segregazioaren kontrako neurririk hartu nahi izan».
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak hau zioen Gasteizen 2024ko abenduaren 15ean: itundutako ikastetxeak eta, beraz, ikastolak, «kohesio sozialaren aurka doaz», «behar ez diren plazak ituntzen dizkiete eskola publikoak hustuz» eta «publiko-pribatu hezkuntza sistema dualak eskola segregazioa eragiten du etengabe».
Inklusio, bizikidetza, aukera berdintasun eta kohesio sozialaren aurka gauden segregazionistak garela esateaz gain, publiko-pribatu eskema liberal sinpleegi horretara mugatzen dute eztabaida. 1993ko Hezkuntza Legea ontzat hartu eta Fernando Buesak, orduko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, esandakoa azpimarratuz: «Hemendik aurrera ez dago ikastolarik, ikastetxe publiko eta pribatuak baizik» (1993-05-27).
Eskema horretan beste espazio garrantzitsu bat falta da, ordea: herrigintzarena. Ezinbestekoa, gurea bezalako estaturik gabeko nazioetan. 2022ko apirilaren 9an “Berria”-ko iritzi artikulu batean, esandakoaz gain, hau ere irakurri nuen: «Euskal Herrian, eskola publikoa Espainiako eta Frantziako estatuen eskola da, administrazioaren eskola, autonomismoaren eskola»; «sistema gisa, muga handiak ditu hiru administraziotan banatuta dagoen euskal nazioaren ideia transmititzeko»; «batzuek eskatzen duten publifikazioa sistema horietan integratzea litzateke, atzerapausoa ikuspegi abertzale batetik».
Horregatik aukeratu genuen ikastola. Nazio ikuspegia ardatz, euskara eta euskal kultura sustatzen duelako Euskal Herri osoan. Hezkuntza eredu propioa duelako eta ikasmaterialen sorkuntzan aitzindari delako. Pedagogia aurreratu eta aurrerakoia duelako, euskal curriculuma oinarri.
Ikastolak herriak sortu zituen eta herriari zor gatzaizkio. Ikastolek egin duten, egiten ari diren eta egiteko duten lana izugarria da, eta Estatu propioa izan arte, auzolanean eta herrigintzan jarraituko dugu. Okerrena da ederki dakitela, 140.000 euroko isun honekin, Arberoa, Tutera edota Trebiñuko ikastolak ere kolpatzen ari direla.
Bada garaia gezurrei ozen aurre egiteko. Saiatuko dira errepikatuz eta errepikatuz beraien mantra populistak egia bilakatzen. Mezu eta zigor hauekin ikastolak hustu eta isilarazi nahi dituzte. Aitortu behar dut lerro hauek idazteko zalantzak izan ditudala. Ez da erraza erabat zikindu duten eremu honetan sartu eta lokaztu gabe ateratzea. Baina gure proiektuak merezi duelako, defendatu eta aldarrikatu beharra dugula garbi daukat.
Guk lanean jarraituko dugu Euskal Herri osorako izango den euskal hezkuntza sistema propio baten alde. Bidelagun izango ditugu, zorionez, Zarauzko ikastolako komunitatearen eta onartuak izan diren familien ausardiari esker, etorkizuna eraikitzera datozen beste zortzi altxor. Eta norabide honetan, gure seme-alaben Afganistango, Guatemalako edota Brasil eta nikaraguar jatorriko ikaskideek euskaraz bizi nahi dutela jakiteak bide onean goazela frogatzen digu.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
