Euskal Herriko etxeko langile egoiliar gehienek astean 60 ordutik gora lan egiten dute
Etxeko Langileen Elkarteak jakinarazi du etxeko langile egoiliar gehienek egiten dutela lan legez kanpoko baldintzetan. Erakunde publikoei egoera hori baimentzea leporatu diete.

Euskal Herriko etxeko langile egoiliarren ia %70ek astean 60 ordutik gora lan egiten du, Etxeko Langileen Elkarteak emandako datuen arabera. Urtero legez, iaz elkartean artatu zituzten langileen inguruko estatistikak argitaratu dituzte, baita egoeraren analisia egin ere, Bilboko Yohn jauregian egindako prentsaurrekoan. Besteak beste, jakitera eman zuten etxeko langile egoiliar gehienek baldintza ilegaletan egiten dutela lan, eta erakunde publikoei leporatu zieten gehiegikeriok baimentzea, bestela «bideraezina» litzatekeen zaintza sistema sostengatzeko. Etxeko langileen araudia bete dadila eskatu zuten.
«Arazo ikaragarria dago mendekotasunaren alorrean, eta zaintza lana familietako emakumeek eta etxeko langileek hartzen dute beren gain», azpimarratu zuen Isabel Otxoak elkartearen izenean.
Plazaratutako datuen arabera, etxeko langile egoiliar ia guztiak emakume migranteak dira. Gainera, %25,93 egoera irregularrean daude. Jasotako datuek agerian utzi dute egoera irregularrean dauden eta, beraz, kontraturik gabe lanean ari diren langileek gehiegikeria gehiago pairatzen dituztela, kontratatzaileak «baldintza bidegabeak ezartzeko ahalmen handiagoa» duelako egoera horretan.
Izan ere, asteko 60 orduan dago legezko muga ezarria, baina egoera irregularrean dauden emakumeen %78,79k denbora luzeagoz egiten dute lan. Gainera, opor egunak ordaintzen ez dizkieten langile proportzioa altuagoa da, ia 40 puntu, egoera irregularrean daudenen eta ez daudenen artean alderaketa eginez gero.
Halaber, ELEk jakitera eman du Lan Ikuskaritzak ez dituela bitartekari gisa jarduten duten agentziak kontrolatzen eta, ondorioz, iruzur masiboak pairatzen dituztela langileek. Horrez gain, Osakidetzari leporatu zioten giharretako eta hezurretako lesioak lan istriputzat ez hartzea eta SEPEri etxeko langileak diskriminatzea. Enplegu agentziak 2022ko urriaren 1etik aurrera kotizatutakoa baino ez die aitortzen.
KANPO-ERREGIMENEKO LANGILEAK, ANTZERA
Antzekoa da egoera kanpo-erregimenean ari diren langileen artean, baina badaude zenbait berezitasun. Izan ere, %71,91 daude Gizarte Segurantzan alta emanda; hots, aurreko urtean baino 7 puntu baxuagoa da ehunekoa. Aipatzeko modukoa da, gainera, %46,49ri eskura ordaintzen dietela.
Egoeraren irakurketa eginda, ardurak eskatzeari ekin zioten. Lorea Ureta elkarteko kideak adierazi zuen epaitegien geldotasuna dela eta, langile askok legezkoak ez diren likidazioak sinatzen dituztela, ezin dutelako prozesua ebaztearen zain bi urtez egon.
Ildo beretik, kritiko agertu ziren Lanaldi Murrizketaren aurreproiektuarekin, uste baitute ez dituela kontuan hartzen etxeko langileak: «Etxeko lanaren legeak asteko 40 lanordu efektibo eta beste 20 egote lanordu jasotzen ditu eta akordioak ez du aipatzen “egote-denbora”; beraz, murrizketa ezerezean gera daiteke».
Mahai gainean jarritako datuak eskuan eta arazoaren diagnostikoa eginda, Otxoak zein Uretak legeria errespetaraztearen garrantzia azpimarratu dute, eta Lan Ikuskaritzari ardura bere gain har dezala eskatu diote.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
