Peli LEKUONA
DONOSTIA

«Justizian, langileen bizitzak ez dira balio handiena daukatenak»

Zaldibar Argitu plataformako kide Gaizka Zabartek esan du ez dutela azalpenik jaso auzia instrukzio fasean izaten ari den etengabeko atzerapenaz, bost urte igaro ostean. «Justizia justizia da eta, normalean, langileen bizitzak ez dira balio handiena daukatenak», salatu du.

Gaizka Zabarte, mobilizazioetako batean.
Gaizka Zabarte, mobilizazioetako batean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bost urte bete dira Zaldibarko zabortegiaren hondamendian Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hil zirenetik, baina oraindik ingurumenaren aurkako delituei buruzko auzia instrukzio fasean dago. NAIZ Irratian izan zen atzo Gaizka Zabarte, Zaldibar Argitu plataformako kidea.

Auziaren egoeraz «berririk ez» daukatela argi utzi zuen. Gainera, joan den abenduan instrukzioa berriz ere ekainaren 1era arte luzatu zutela gogora ekarri zuen. Hortaz, gaur egun prozesuarekiko «oso eszeptikoak» direla adierazi zuen Zabartek.

Gaia «fokuen azken lerroetara joan den arren, egon hor dago», esan zuen. Horrekin, Cedex ikerketa zentroaren txostenak «aspaldi» zabortegia «goitik behera kuestionatu» zuela oroitu zuen. 2021etik epaitegian dago, eta plataformaren ustez, «funtsezkoa izango da biltzen duen informazio kantitateagatik».

Zabortegia kudeatzen zuen eta egun deseginda dagoen enpresa Verter Recycling zen. Lakuako Gobernuari 30 milioi euro zor dizkio 2021etik, eta, borondatez ordaindu ez dituenez, arduradunen ondasunetatik enbargatuz eskuratu beharko du zorra.

«Ez dute ordaindu eta ez dute egingo», esan zuen Zabartek horren harira. Gainera, auziak bost urte hauetan izan duen garapenetik ondorio bat atera dutela esan zuen plataformako kideak: «Enpresari hauek dirua baldin badute, ahozko auzia zein kartzela ekidin dezakete».

Prozesuaren atzerapenari buruz ez dutela azalpenik jaso gaineratu zuen. «Justizia justizia da eta, normalean, langileen bizitzak ez dira balio handiena daukatenak», salatu zuen.

Zabortegia hartzen zuen lurraren jabetza, baina, mantentzen da, eta hori kontrolatzea arduradunei dagokie. Plataformako kideek ez dauka lur hauen egoeraren informaziorik, baina tarteka bertaratzen dira eta azken egunotan jarduera ikusi dute, «baina ez dakigu zertaz».

GOBERNU ALDAKETA

Horrekin guztiarekin, Zabartek salatu zuen Lakuako Gobernuak ez duela Zaldibarko kasuaren inguruko informaziorik eman duela urtebetetik. Orduan, Lakuako bozeramailea zen Bingen Zupiriak doluminak eman zizkien hildakoen senideei.

Gobernuan aldaketak egon dira eta plataformako kide honen aburuz, «instrukzioaren luzapenak eta denbora pasatzen uzteak gauza hauek dakartza, orain daudenek ez dute premiarik sentitu aipamenik ere egiteko».

Lakuaren ardura ere nabarmendu nahi izan zuen Zabartek. Esan zuenez, «oso zaila da ulertzea prozesu judizial hauen amaieran arduradun bakarrak enpresak izatea». Izan ere, Lakuari zegokion zabortegiaren kontrola egitea.