Arnaitz GORRITI

PALESTINAREKIN ELKARTASUNA: «EGIAZKO AURPEGIA ERAKUSTEN ARI DA ISRAEL»

Aspaldi ez bezalako oihartzuna izaten ari da Maccabi Gasteiza etorriko delako antolaturiko protesta. Partida ez da bertan behera geratuko, baina Israelekin harreman oro eteteko eskaera ozen entzungo da. Hasteko, Iparralde gizarte-etxetik 18.30ean abiatuko den manifestazioan eta, gero, Zurbaon bertan ere bai.

Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria oinarri, iaz ere manifestazioa egin zen Maccabi Gasteiza etorri zenean. Aurten, berriz, Israelekin harreman mota oro eteteko eskatuko dute.
Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria oinarri, iaz ere manifestazioa egin zen Maccabi Gasteiza etorri zenean. Aurten, berriz, Israelekin harreman mota oro eteteko eskatuko dute. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bi hitzordu dira berez: batetik, gaur 20.30ean Saski Baskoniak eta Tel Aviveko Maccabik Buesa Arenan jokatu beharreko Euroligako neurketa, eta bi ordu lehenago, 18.30ean, Iparralde gizarte-etxetik Zurbaorantz abiatuko den manifestazioa, «Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora» leloarekin.

Esther Muñoz eta Xabier Losada Palestinarekin Elkartasuna plataformako kide bi dira, manifestazioa deitu duen plataformako kideak. «Beti esaten da politika eta kirola ez direla nahastu behar, baina Maccabi Europako txapelketa batean jokatzen ari bada, hain justu politika eta kirola nahasita doazelako da», azaldu dute.

Urteak dira Israelgo taldeak Europako kirol lehiaketetan ari direla. «Ez da aurreneko aldia Israelek bere egiazko aurpegia erakutsi duena, baina propaganda eta legitimazio kanpainek nolabait ‘leundu’ eta normalizatu egin dute. Baina Gazan egin dutenak aurpegi hori bistan laga du», azpimarratu dute.

«2023ko urrian sortu zen Palestinarekin Elkartasuna, Israel Gazako sarraskia modu erabatekoan egiten hasi zen testuinguruan oinarrituta. Horrek aurretiaz Palestinarekin elkartasun mezu askoz epelagoak ziren mezu ekidistanteak hautsi zituen, eta Palestinako herriaren erresistentzia kriminalizatzeari laga zitzaion. Elkarte ezberdinen artean Israel egiten ari zenaren aurrean erantzun indartsu bat emateko beharra adostu zen eta horregatik sortu zen», esan du Esther Muñozek.

HARREMAN ORO ETEN

«2024ko abenduan, Israelekin harreman oro eteteko kanpaina abian jartzea erabaki zen», gehitu du Xabier Losadak. «Harreman militarrak etetea ondo dago, baina guztiak eten behar dira Israelekin: komertzialak, diplomatikoak eta kulturalak ere berdin. Horregatik erabaki genuen Maccabiren aurkako partida bertan behera uzteko kanpainari ekitea ere».

«Maccabiren presentzia desnormalizatzea irudi potentea da, baita Maccabi beste estadio batzuetara joan denean harmailak ia hutsik izatea ere. Gure kasuan, partida ez jokatzea exijitzen dugu, eta partida eten dezaketen horiei begira ari gara: Foru Aldundia, Udala, Eusko Jaurlaritza, Euroliga eta Baskonia; harreman oro eteteko ordua dela adierazten diegu», exijitzen die plataformak.

«Israelek bere benetako aurpegia erakutsi du azken urtebete luze honetan; kolonizazioan eta Palestinaren aurkako garbiketa etnikoan oinarrituriko estatua dela, alegia. Ondorioz, ikusten dugu inoiz baino jarraipen handiagoa dutela aurrera eramaten ari garen kanpainek. Horregatik, Israeli kirol mundutik eta handik kanpo ere gure arbuioa adierazi nahi diogu, ikusten dugulako Gasteizko gizarteak hala eskatzen duela, orain arte eman direnak baino pauso indartsuagoak eskatzen dituela, osterantzean Israeli galtzen ari den legitimitatea itzultzen ariko ginatekeelako», berretsi du Muñozek.

Hala ulertzen da Euskal Herriko 40 klubek, 65 gizarte eragilek eta kirol munduko 91 lagunek modu argian bat egin izana. «Orain ez badugu exijentzia hau egiten, noiz?», galdetu du Xabier Losadak. «Azken urte luze honetan ikusi ditugunak ikusita, protestan ateratzeko garaia dela ikusten dugu. Historian sekula ikusi ez dugun tarte baten aurrean gaude, gure begien aurrean garbiketa etniko bat gertatzen ari denean. Ondorioz, aurrez egin ez ditugun ekintzak eraman behar dira aurrera», gaineratu du.

INDAR BASKONIA, BAT EGINDA

Bestalde, Indar Baskoniak «erabateko gaitzespena» adierazi zion Maccabiren aurkako partidari, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren mezua bere eginez. «Giza balioak kirolaren gainetik» daudela nabarmendu zuten atzo ohar baten bitartez.

Nolanahi ere, «azkenean partida ospatuko balitz, lehen laurdenean zehar partidan ez sartzeko eta, gero, pabiloiaren barruan Maccabi modu aktiboan baztertzeko» eskatu zien gainerako zaleei. «Palestinako herriari eskaintzen diogun elkartasunari oihartzuna emateko, bai eta Israelgo estatu genozidako kirol ordezkari handienetakoa den Maccabiren presentzia desnormalizatzeko». Horrez gain, «harmailak bandera palestinarrez betetzera eta palestinar herriaren alde ozen oihukatzera» animatu zituen zaleak.