IRAITZ MATEO
HERNANI

«Harri, Lurra, Huts»: harriaren eta lurraren lanketa, Chillidaren eskuetan

Eduardo Chillidak harria, lurra eta espazioa nola landu zituen ez da beste material batzuk bezainbat ikertu, eta Zabalaga baserriko erakusketa berrian horri begira jarri dira ekainera arte. Lehen aldiz harrizko obra batzuk baserri barrura sartu dituzte, eskala aldatzearekin obra bera ere aldatzen dela ikusarazi nahian.

Erakusketa Chillida Lekuko Zabalaga baserrian ikusgai egongo da ekainera arte.
Erakusketa Chillida Lekuko Zabalaga baserrian ikusgai egongo da ekainera arte. (Jon URBE | FOKU)

Eduardo Chillidak bere eskulturan lurrari eta harriari eman zien erabilera jorratzeko, “Harri, Lurra, Huts” Chillida Lekuko erakusketa zabaldu dute Zabalaga baserrian. Estela Solana erakusketako arduradunak iragarri zuen irekiera atzo. Chillidaren «unibertso materikoa lurraren eta harriaren ikuspegitik aztertzen duen erakusketa» dela azaldu zuen.

Mireia Massague zuzendariaren hitzetan, oraindik «sakondu gabeko» materialen ezaugarriak aztertu nahi izan dituzte, batez ere harriaren eta lurraren kasuan. Izenburuak berak materialtasunaren jokoa jomugan jartzen du, Solanak adierazi bezala, nazioarteko «harria, papera, guraizeak» jokotik eratorria baita, «material bakoitzaren aukeraketak duen eraldatzeko gaitasuna».

Guztira, 48 obra bildu dituzte Zabalaga baserrian, besteak beste, lehen Chillida Lekuko kanpoaldean zeuden zenbait obra sartu dituzte barrura, eta horrek, eskala aldatu dienez, obrak «beste modu batera ulertzeko» aukera ematen duela azaldu zuen Solanak. Inoiz ikusi gabeko hamar obra ere biltzen ditu erakusketak; izan ere, erakusketako obrak erakunde publikoetatik (Reina Sofia arte zentrotik, adibidez) zein bilduma pribatuetatik (hala nola Iberdrola edo Banco Santander bildumetatik zein bilduma pertsonaletatik) utzitakoak izan dira.

Chillidaren «euskal identitatea» islatzea lortu dute erakusketako arduradunaren arabera, eta izenburua eman dioten hiru hitzen bidez «soinu espazio» bat ere sortu dute. Solanak aurkezpenean adierazi zuen lurraren eta harriaren bidez «materiaren esplorazioa eta ikerketa» landu zituela eskultoreak. «Harriaren lanketa aldizkakoa izan zen Chillidaren ibilbidean, baserriaren goiko solairuan bere lehen lanak aurki ditzakegu, eta behean 90eko hamarkadan egindakoak, eta, ondorioz, aldizkako material horren lanketaren bilakaera ikusten dugu», esan zuen arduradunak.

MATERIALA

Lurrari dagokionez, Chillidak landuriko material «bigunena» dela kontatu zuen Solanak, eta 70eko hamarkadaren erdialdean txamota lurra deskubritu zuela, dentsitate handiko lur bat. Arduradunak azaldu zuen material honetako obrarik arinenak 30 kilo dituela, eta pisutsuenak, berriz, 200 kilora iristen direla. Hutsuneari dagokionez, azaltzeko «zailena» izanagatik ere, «pertsonalena» ere badela ohartarazi zuen Solanak: «Magikoa eta misteriotsua da, material guztietan dago hutsunea».

Bereziki 60ko hamarkadaren erdialdean eskulturaren ariketa arkitekturara moldatu izanak sortutako barne espazioek sortu zutela hutsunearen ideia esan zuen, argiari eta hutsuneari arreta berezia emanez.

OBRA ETA ESPAZIOA HARREMANEAN

Luis Chillida eskultorearen semea eta Fundazioko presidentea ere erakusketa berriaren irekieran izan zen, eta orain arte ikusi gabeko erakusketa bat dela adierazi zuen: «Granitoa, esaterako, inoiz ez da egon baserri barruan». Obra eta espazioa harremanetan jarri izana txalotu zuen presidenteak, eta argiari eta eskalari berebiziko garrantzia eman izana: «Lehenago bagenituen obrei ere bisio berri bat eman zaie. Eskalaz aldatzean tamainaren potentziaz ohartzen gara, eta argi naturala artifizialarekin nahastean beste zerbait sortzen da».

Erakusketa osoa Zabalaga baserrian jarri izana ere positiboki baloratu zuen. Izan ere, Fundazioko presidentearen ustez, «baserria bera bere horretan obra bat da» eta kasu honetan, harria, lurra eta hutsunea biltzen dira eta, horrenbestez, «edukia eta edukiontzia» harremanean daude.