Irunen bere ama hil zuen gizona espetxeratu egin dute
Kartzelan sartu dute asteazkenean Irunen bere ama hil zuen gizona. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzeak deitu zituen atzo eta gaurko, Bilbon, Iruñean eta Donostian.

Asteazkenean Irunen Mirentxu A.B. bere ama hil zuen gizona presondegian sartu zuten atzo, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aditzera eman zuenez.
Egun horretan atxilotu zutenetik Ertzaintzaren komisarian egon da 47 urteko gizona, eta atzo Irungo Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegira eraman zuten; honek espetxeratzeko agindua eman zuen.
Gertakariak asteazkeneko 13.30ean izan ziren, gizona amaren etxera joan eta labanaz eraso egin zionean. Gizonaren izeba bat eta biktimaren bikotekidea emakumea laguntzen saiatu ziren, eta ondoren erasotzaileak motozikleta batan alde egin zuen.
Biktima Donostia Ospitalera eraman zuten eta gauean hil zen. Semea, berriz, erasoa gertatu eta minutu gutxira Irungo bere etxean atxilotu zuten.
Irungo Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen, gertatutakoaren aurrean «gaitzespen handiena eta sumindura handiena» adierazteko. Emakundek, bestalde «irmo» gaitzetsi zuen hilketa, eta babesa eman zien biktimaren familiari eta haren ingurukoei. Eudel Udalen Elkarteak ere «gaitzespen irmoa» adierazi zuen.
«URGENTZIAZKO MEKANISMOAK»
Gertatutakoa salatzeko, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzeetara deitu zuten atzo eta gaurko.
Atzo, 18.00etan Bilbon egin zuten, Arriaga Antzokiaren atarian, eta 20.00etan Iruñean, Udaletxe Plazan. Gaur Donostiako Bulebarrean izango da, 13.00etan.
Indarkeria matxistako kasuen aurrean «urgentziazko mekanismoak» eskatu ditu; izan ere, «egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik».
Horrekin batera, «egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela» exijitu zuen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar batean.
«Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da hau», adierazi zuten. «Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez», salatu zuen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak.
«Gure bizitzak jokoan daude. Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu, eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak», nabarmendu zuen.
«Gu ez gara isilduko», ohartarazi zuen. «Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte». Elkarretaratzeetan parte hartzeko dei egin zuen.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
