Garaipen biribila bihurtu zituen Athleticek amorrua eta gosea
Derbian jaso zuten kolpea ahaztu eta etxetik kanpoko laugarren garaipena jarraian lortu zuten zuri-gorriek. Astebete barru San Mames bisitatuko duen Reala gainditu dute sailkapenean, hirugarren postutik puntu bakarrera jarrita.

Athleticek maletak amorruz beterik eraman zituen Sevillara, Eibarren kontrako derbian jasotako kolpe gogorrarengatik. Gosea gehitu zion Realaren porrotak eskaini zion aukerak, eta zama hori nola bideratu jakin izan zuten zuri-gorriek, erabateko nagusitasuna eta puntuak bihurtuz. Inoiz baino gehiago ospatu zituzten, horiei esker datorren igandean San Mames bisitatuko duen Reala gainditu baitute sailkapenean, bide batez orain Atleticoren eskuetan dagoen hirugarren postutik puntu bakarrera jarriz.
Athleticek azkar bideratu zuen etxetik kanpo jarraian ospatu duen laugarren garaipena. Atzo arte markagailua hutsean zeukan Azkonak lehenengoa sartu zuen ordu laurdena bete berritan. Anbizioz eta jokoz, bere taldeak Betisen erreakzioa geldiarazi zuen gero, eta atsedenaldia heldu aurretik partida erabakita utzi zuen Clara Pinedoren eta Maddiren golekin. Azkonak berak biribildu zuen markagailua bigarren zatian.
Nera Nevado bueltan zela, David Aznarrek galako hamaikakoa osatu ahal izan zuen, behar handia zeukan aurkariaren aurrean. Zuri-gorriak baloiaren jabe egin ziren eta Betisi ondo iruditu zitzaion, kontraerasoan min egin zezakeelakoan. Baina ez zuen aukerarik izan, Athletic oso nagusia izan baitzen. Baloia hartu bakarrik ez eta maisutasunez mugitu zuen. Eta partidaren lehen zatian azken metroetan argitasun pixka bat falta izan bazitzaion, golek zalantza guztiak uxatu zituzten.
16. minutuan heldu zen lehena, Azkonak Noelia Gilen aldaratzea aprobetxatu zuenean zutoinaren ondoan. Clara Pinedok aldea handitu zuen ordu laurden bat geroago. Dorineren akatsaz baliatu zen Elexpuru eta taldekideari utzi zion baloia, honek bigarrena sartzeko area ertzetik jaurtiz. Denbora eta gogoa izan zituen Athleticek partida erabakita uzteko atsedenaldia heldu aurretik, eta, lehen zatia amaitzeko lau minutu falta zirela, korner batean 0-3koa sartu zuen Maddik.
Markagailua argia bazen ere, Athletic kontzentratuta itzuli zen aldagelatik. Aurkariak erreakzionatu ezinik jarraitzen zuen eta laugarrena jaso zuen, Azkonaren eta Robertsen artean atera bidalirik Elexpururen erdiraketa.
Joseba Agirrek aldaketa hirukoitza egin zuen berehala, partidaren dinamika aldatzeko. Eta neurri batean lortu zuen, Betisek gehiago zapaldu baitzuen Nanclaresen area. Arriskua ere sortu zuen, batez ere Cameronen bi errematez. Baina Athletic fin aritu zen defentsa lanetan eta, gehiegi sufritu barik, garaipen garbia ospatu ahal izan zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
