Asensio (PSE): «Beste alderdiekin alderaturik, lasai eta indartuta gaude»
PSEk larunbat honetan X. Kongresua burutuko du Donostian. Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusi hautatuko dute berriz ere. Kongresu prozesuan murgilduta dago alderdi horretako Gipuzkoako atala ere. Jose Ignacio Asensiok berriro aurkeztuko zela iragarri zuen, eta NAIZ Irratian izan zen atzo.

Hautagaitzaren berri eman duelarik, Jose Ignacio Asensiok Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi izaten jarraitzeko dituen motibazio eta helburuak aletu zituen NAIZ Irratian. Epe ertain eta luzera begirako egitasmoa, programa eta ibilbidea bultzatzeko aurkeztu da, baina orain dela hiru urte eta erdi Gipuzkoako Alderdi Sozialistan izandako aldaketari ere balioa eman dio.
«Beste alderdiekin alderaturik, lasai eta indartuta» daudela deritzo, eta bai erakundeetan bai alderdi gisa ari direla politika egiten. Denbora honetan Eneko Anduezaren lidergoa bultzatu dutela zioen.
Larunbat honetan EAE mailako kongresuaren txanda izango da, eta etxebizitza, lana, mugikortasuna edo agenda urbano berria bezalako aferei helduko diete. Auzi horiek Gipuzkoan nolako aplikazioa izango duten galdetuta, Asensiok adierazi zuen tokiko erakundeen eskumenak direla eta askok haien lidergoa izango dutela, gainera.
Uste du «inporta duten gaietan» begirada ipinita dutela PSEren barnean, ez dituztela gizarte politikak baztertuko abertzaletasunaren izenean, eta «aniztasuna errespetatu eta bermatzea» dela bidea.
Eztabaida identitarioaren gainetik martxan jarriko litzateke hori guztia eta, PSEren aburuz, ez da hain esanguratsua alderdi abertzaleak izatea hautesleriaren babes handiena jasotzen dutenak: «Herritarrei axola zaienari erantzuna emateko gaude: lan baldintzak, ingurumena... eta irizpide horrekin egiten ditugu politikak».
Gai horiei heltzeko, tokiko politikak bultzatzearekin batera, Estatu, Europa eta mundu mailan gertatzen denarekin ere adi egongo direla adierazi zuen, adimen artifiziala edo ultraeskuinaren igoera bezalako erronkek «gure bizi baldintzetan izan dezaketen eraginean ekiteko».
ZERGA SISTEMA, EZTABAIDAGAI
Gaurkotasuna duten aferen artean badago eztabaida fiskala ere. Dagoeneko bide bat egin duela uste du Asensiok, baina oraindik ere baduela gehiago egiterik. «Fiskalitatea gero eta progresiboagoa izatea gustatuko litzaiguke», azaldu zuen, «eta foru araua aurkeztu dugu EAJrekin egindako akordioaren bidez, gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten». Asensioren esanetan, emandako aurrerapausoetan ez dute atzera egin nahi.
Berebiziko garrantzia izango du bide horretan Gipuzkoan erreformak jaso dezakeen babesak. Anduezak berriki baztertu du PPrekin erreforma adostea, eta beste hainbeste egin du Asensiok, EH Bilduri eta Elkarrekin Gipuzkoari proposamenak mahai gainean jartzeko eskaera eginez.
Hala ere, taldeok aipatu dute erreformak hobari asko dauzkala eta doikuntzak direla, egiturazko aldaketak beharrean. Aldarrikapenetako bat dute, adibidez, sozietateen zergan bilketa gehiago izatea.
Negoziazio edo tirabira horretan zerbaiti uko egin beharko zaion galdetuta, azpimarratu zuen akordioak egiteko proposamenak behar dituztela, eta lehenbailehen egiteko eskatu zien beste bi taldeei.
Beste mintzagaietako bat, azken asteotan eztabaida iturri izan den Abiadura Handiko Trena. Jose Antonio Santanok zortzi hilabete behar izan ditu Eider Mendozarekin eta Asensiorekin biltzeko, baina azken honek adierazi zuen elkarrizketa egon dela: «Ia astero hitz egiten dugu». Aukerak aztertzeko garaian txosten teknikoak egin behar direla adierazi zuen, eta oztopo ugari izan direla prozesuan. Aipatu zuen eskumenak dituztenen artean adostu beharko dutela ibilbidea, Gipuzkoaren iritzia gorabehera, eta emaitzak ezagutu arte itxarotearen aldeko agertu zen. Ez zuen esan zer gertatuko litzatekeen txostenek ebatziz gero Gasteizko aukera bideragarriagoa dela, baina Ezkio-Itsasokoak euren apustua izaten jarraitzen duela berretsi zuen: «Utz diezaiegun lan egiten. Ez dago gure esku».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
