Subiranistek irabazi dute Kosovon baina ekonomiaren noraeza ordaindu dute
Mitrovicako serbiarrak Kosovotik at bizi ziren, eta Albin Kurti lehen ministro subiranista Belgradekin zituzten loturak hausten saiatu zen. Kosovoko gehiengo albaniarraren txaloak espero zituen, baina herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoak faktura pasatu dio. Gainera, AEBko enbaxadari eta Europako Batasunari ez zaie gustatu gutxiengo serbiarrekiko presioa.

Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdiak aise irabazi ditu Kosovok 2008an independentzia lortu zuenetik bosgarren hauteskundeak (bozen %41), baina 9 puntu galdu ditu lau urtetan, eta gehiengo osotik urrunago geratu da (orduan bozen %50 eta 120 eserlekutik 58 eskuratu zituen).
Kontuak horrela, Albin Kurti lehen ministroaren alderdiak, subiranista eta sozialdemokrata, gutxiengo gobernua osa dezake.
Oposizioko alderdi kosovarrek ere, PDK garai bateko UÇK gerrillaren oinordekoak eta eskuinekoak (%22) eta LDK Ibrahim Rugova zenaren zentro-eskuineko alderdi historikoak (%17) gauza bera egin dezakete. Horretarako, beti jo dezakete AAK-NISMA UÇKko eszisio politikora (bozen ia %8 lortu du) koalizioan sartzeko gonbidapena eginez. Bide batez, gutxiengo etnikoen babesa bila dezake koalizio horrek. Serbiarraren kasuan, gutxiengo honi dagozkion 10 eserlekuak lortu dituela aldarrikatu du Srpska Lista (Zerrenda Serbiarra) alderdiak, eta Kurtiren aurka bozkatzeko tentazioa izan dezake.
Izan ere, Vetevendosje alderdiak gogor egin du azken urteetan Belgradek Kosovon gutxiengo serbiarraren bitartez mantendu nahi duen eraginaren aurka.
Serbiaren eran, gutxiengo serbiarrak ez du inoiz onartu Kosovoren independentzia, eta bere instituzioak mantendu izan ditu orain gutxi arte.
Belgradek kudeatzen zituen matrikula serbiarrak legez kanpo utzi zituen Kurtiren Gobernuak 2022an, hautsak harrotuz.
2023an Belgraden eta Pristinaren artean elkarrizketa bultzatu zuen Europako Batasunak, bi aldeei bere barnean sartzeko aukerak ezinegonak baretzen eragina izango zuelakoan.
Negoziazioek ez zuten ezer eman, eta istilu armatuak izan ziren urte hartako irailean. Kosovoko polizia bat eta hiru zibil hil ziren monasterio ortodoxo batean gertatu zen liskarrean. Milan Radoicic Srpska Listako buruak alde egin zuen, terrorismoa eta diru beltza zuritzea leporatuta.
Iaz Serbiako Posta eta Belgradek Mitrovican zituen zenbait egoitza itxi zituen Pristinako Gobernuak. 90.000 serbiarrek osatzen duten (gerra aurretik 200.000 ziren) gutxiengoaren aurkako politikaren haritik emaitza oso onak espero zituen Kurtik, baina ekonomiak eta AEBko enbaxadaren kritikek faktura pasatu diote.
800.000 kosovar atzerrian bizi dira (herenetik gora), biztanleriaren %19 pobrea da, batez besteko soldata 500 eurokoa da (prezioak europarrak dira), inflazioa altua da eta gazteen %45 langabezian dago. Kurtik aurreko gobernuei egozten die ardura.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
