Ion GARATE
Entrevue
Irati etxarri
Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalaria

«Etxera itzultzea garrantzitsua zen niretzat»

26 urte ditu eta dagoeneko bederatzi denboraldi daramatza Emakumeen Endesa Ligan. Araskin debuta egin bazuen ere, Euskal Herritik kanpo ibili da denbora luzean, Gernikara itzuli den arte, belauneko lesioa ahaztu eta talde on bati bere esperientzia eskaintzeko. Hala, gaurko derbia «hain derbi» sentitizen ez badu ere, partida gogor baterako prest dago.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Araskin hasitako bidea Cadi La Seun eta Gironan garatu zuen Irati Etxarrik. Etxera bueltan, Irati berri bat ikusten ari gara: helduagoa, belauneko lesio larriak atzean laga eta Lointek Gernika Bizkaiaren denboraldi onaren zati garrantzitsu baten arduradun, IDK Euskotrenen aurka jokatu beharreko euskal derbiaren atarian.

Nola daramazu Gernikara egokitzeko lana?

Ondo sentitzen naiz. Jadanik nire bederatzigarren denboraldia da hau, Emakumeen Endesa Ligako talde ezberdinetan, baina niretzat garrantzitsua zen etxetik gertuko talde batera itzultzea. Belauneko lesioaren ondoren, urte osoa betetzea zen nire helburua, eta horregatik gozatzen ari naiz.

Etxetik gertuago egotea eskertuko da, ezta?

Bai, bai. Familia gehiago ikusten duzu, baita lagunak ere... Baina baita kulturagatik ere. Adibidez, euskaraz egunero gozatzen ari naiz.

Aurretik Gironan izan zinen. Lesioekin asko sufritu arren, zergatik erabaki zenuen Gernikara etortzea?

Aldaketa bat nahi nuen. Lucasek [Fernandez entrenatzaileak] deitu zidan; niretzat Gernika beti izan da klub on bat. Beti pentsatu dut ‘agian noizbait’... Eta momentua huraxe izan zen; une hartan behar nuena eskaintzen zidaten.

Beste gauza bat da denbora behar dudala berriz ere sentsazioak berreskuratu eta saskibaloi jokalari sentitzeko. Klubaren eta jokalarien aldetik pazientzia izan dut, nahiz eta ez dakigun ehuneko ehuna noiz berreskuratuko dudan, agian hori aldatu egin delako. Ni orain jokalari ezberdin bat sentitzen naiz; ez hobea, ez txarragoa, ezberdina, eta pozik nago, osasuntsu nagoelako.

Zure esperientzia horrekin, Gernika bezalako talde gaztean zein da zure ekarpena?

Ba, esperientzia, hain justu. Jokalari guztiak gara oso gazteak eta leku oso ezberdinetatik gatoz. Osatu dugun taldea oso berria da; ia gure artean ezezagunak ginen. Eta orain nik uste talde izaera hori sortzen ari dela eta elkar ulertzen ari garela. Ondorioz, Lucasek eskatzen diguna gero eta ulergarriagoa da. Partida onak eta txarrak joka ditzakegu, baina orain oparirik ez dugu egiten.

Koparako sailkatuta, nola baloratzen duzu taldearen lana?

Orain arte lan ona egin dugu, baina denboraldiaren bigarren zatian gauzak gogor jarriko dira; goiko taldeak play-offetan pentsatzen ari dira; behekoek jaitsiera dute buruan. Ondorioz, partida bakoitza oso garrantzitsua izanen da. Gu partida bakoitzean pentsatzen ari gara eta entrenamenduak baliatzen.

Talde izaera horrek elkar ulertzeko balioko du.

Bizitzako edozein ataletan bezala, denbora behar duzu. Baina helburuak lortzen goaz. Horregatik, uste dut momenturik hoberenean egon gaitezkeela, baina egin behar duguna da bide horretatik jarraitu. Lanean jarraitu behar dugu, partida bakoitza garrantzitsua dela pentsatuz, gure lanean kontzentratuta.

Burua derbira joaten zaizu?

Hainbeste denbora kanpoan eman eta gero, derbiak ez ditut «hain derbi» sentitzen, baina egia da klubeko jendearentzat oso partida garrantzitsua dela. Eta derbi batean beti gauza gehiago daude jokoan.

Nola ikusten duzu IDK? Ez da bere denboraldirik onena...

Aldaketa asko izan dituzte eta zaila izango da jokalari berri horiek jokatzeko modura egokitzea. Aurreneko itzuli txarra egin dute eta, beraz, badakite bigarren erdi honetan gauzak ondo egin behar dituztela. Ez dakit nolako partida aterako den, baina gogorra izango dela bai (barrez).

Ardoi ere gorenean dago. Nafarra izanda, poztekoa da.

Bai, oso pozgarria da. Gainera, azkenengo partida beraien kontra jokatuko dugu. Ea nola iristen garen! (barrez).