Hiru urte eta mila parte hartzaile 2025ean: entzute prozesua Urdaibain
Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko egitasmo polemikoaren inguruan entzute prozesua egingo dela iragarri zuten atzo Bizkaiko Aldundiak eta Lakuako Gobernuak. Albistea «zuhurtziaz» hartu dute Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eta EH Bilduk. Seriotasuna eta herritarrek proiektuaren inguruan ematen duten hitza errespeta dadila eskatu dute biek.

Urdaibain Guggenheim museo berri bat martxan jartzeko egitasmoa iragarri zenetik eztabaida eta kritika nagusi izan dira Bizkaiko eskualde horretan. Ingurunean kalteak eragingo zituela eta bertakoan bizimodua aldaraziko zuela salatu izan da. EAJren barnean tirabirak eragin ditu aferak. Iñigo Urkulluk zalantzak onartu zituen, baina Imanol Pradalesek eta Bizkaiko Aldundiak sutsuki defendatu dute egitasmoa, onura ekonomikoak nabarmenduz.
Herritarrei hitza eman beharra zegoela aldarrikatu izan da aspalditik. Atzo, Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak eta Ibone Bengoetxea Lakuako lehendakariordeak, ekimenaren beste bultzatzaileekin batera, entzute prozesua delakoa aurkeztu zuten Gernikan. Eskualdeko alkateak ere izan ziren.
Ekimenaren seriotasuna nabarmendu zuen Etxanobek atzo Gernikan. Izan ere, entzute-prozesua hiru urtean luzatzea espero da eta bertan mila lagunen parte-hartzea aurreikusten da 2025erako, Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbia Unibertsitatearen gidaritzapean. «Horrek metodologia akademiko zorrotza eta gardena bermatuko du, eta, hala, Busturialdea garapen- eta ongizate-etorkizun baterantz gidatuko duten kontakizunak eta elementu komunak identifikatu ahal izango dira», azpimarratu zuen Etxanobek.
«Eztabaida sozial konplexua da esku artean duguna; izan ere, pertzepzio positiboak eta negatiboak nahasten dira Busturialdea-Urdaibain Guggenheim Museoa handitzeko proiektuak izan ditzakeen inplikazioak direla eta -jarraitu zuen-. Konplexutasun hori ulertzeko eta sentsibilitate desberdinei erantzuna ematen saiatzeko, beharrezkoa da entzutea. Horixe da hartu dugun konpromisoa».
Bengoetxeak azaldu zuenez, «ez da ohiko prozesu bat izango; herritarrei entzuteko eta haien pertzepzioak hobeto ulertzeko borondate zintzo eta sakon bati erantzuten dion prozesu neutrala izango da». Horrez gain, gaineratu zuen helburua ez dela «konbentzitzea», baizik eta «batzen gaituzten elementu komunak identifikatzea».
BOST FASE
Azaldu zutenez, entzute-prozesuak bost fase izango ditu.
Lehenengoan, eragile guztien mapa egingo da, eskualdeko garapen jasangarrian lan egiten duten eragile guztiak identifikatuz.
Bigarren fasean kontakizunak bilduko dira. Aldundiak azaldu duenez, 2025ean gutxienez mila kontakizun jaso nahi dituzte. «Banakako zein taldeko elkarrizketak egingo dira. Pertsona guztiak aldez aurretik definitu beharrean, ‘elur-pilotazko laginketa’ bat baliatuko da. Horrek hau esan nahi du: kontsulta egin zaien lehenengo pertsonek esango dute norekin has daitekeen entzuteko prozesua, ondoren aurrera egiten jarraitzeko», adierazi zuen Bizkaiko Aldundiak.
Hirugarren fasean pertzepzio-patroiak identifikatuko dira. «Prozesuaren une honek aukera emango du diskurtso publikoak eta ezkutuko kontakizunak bereizteko. Eta lagungarria izango da patroiak identifikatzeko eta dauden iritzien sinplifikazioa edo analisi sinplistak saihesteko», zehaztu du Aldundiak.
Laugarren fasea interpretazio kolektiboarena izango da. «Hau izango da batera eta elkarlanean bildutako informazioa interpretatzeko unea. Fase honen helburua ez da izango inor ‘konbentzitzea’, kontakizun desberdinen arteko elementu komunak identifikatzea baizik», esan zuen Aldundiak.
Bosgarren fasea iradokizunak eta ekarpenak aurkezteko izango da.
GUGGENHEIM URDAIBAI STOP, «ZUHUR»
Etxanobek eta Bengoetxeak aurkezturiko ekimenaren aurrean «zuhur» jokatu behar dela ohartarazi zuen Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, bertan parte hartzeko asmoa duela gehituta.
«Oso berandu eta bermerik gabe iritsi da. Hausnarketa-prozesu baten ondoren eta zalantza askorekin, zuhurtzia handiarekin hartuko dugu parte prozesu horretan, eta oso zorrotzak izango gara administrazio kontratatzaileek egin dezaketen instrumentalizazioarekin», adierazi zuen ohar batean.
«Esperientziak erakusten digu Guggenheim proiektuari dagokionez, administrazioek esaten dutena eta egiten dutena ez direla norabide berean joan», nabarmendu zuten. 2024an Iñigo Urkulluk antzeko entzute prozesua iragarri zuela baina ez zuela gauzatu gogoratu zuten.
Halere, alde onak ikusten dizkiote atzo aurkeztu zuten egitasmoari, ñabardurekin bada ere. «Modu positiboan baloratzen dugu herritarrek euren iritzia eta kezkak adierazteko elkarrizketa-gune bat sortzeko ekimena, baina azpimarratu nahi dugu, halaber, gaur egun publiko egin ez den proiektu bati buruzko iritzia eskatu nahi dela, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena zein den jakin barik», esan zuten.
«Orain arte, proiektu hori bultzatu duten administrazioek egindako urrats guztiak aldebakarrekoak izan dira, eta helburu bakarra museoak eraikitzea baino ez. Gure ustez, behin prozesu hori hasita, ezinbesteko baldintza litzateke proiektu horren bideragarritasunarekin lotutako administrazio-prozesu guztiak gelditzea. Era berean, administrazio kontratatzaileek konpromisoa hartu behar dute proiektu hori bertan behera uzteko, Busturialdeko bizilagunek hala eskatzen badute», esan zuten.
Entzute prozesua instrumentalizatzeko arriskua ikusten dute. Hori ez bada gertatzen, «aukera bat izan daiteke gardentasuna eta parte-hartze publikoa sustatzeko erabakiak hartzerakoan; izan ere, erabaki horiek ingurumen-inpaktu atzeraezina izan dezakete eta gure eskualde txiki honetako zenbait eremutan garrantzi handikoak izango dira».
Instrumentalizazioa gertatzen bada, aldiz, «helburu bakarra mugimendu sozial kritikoa desaktibatzea eta herritarrak banatzea izango litzateke, eta une horretan amaitutzat emango genuke gure parte-hartzea prozesuan».
«Benetan sinesten dugu eztabaida garden batek duen garrantzian, benetako datuetan oinarritutakoa, herritarren eskubideak bermatuko dituena eta gure ingurune naturala errespetatuko duena. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaigu proiektua oso-osorik eta ahalik eta lasterren aurkeztea, bai eta dagokion ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ere», adierazi zuten.
Gauzak horrela, plataformatik herritarrak entzute prozesuan aktiboki parte hartzera deitu dituzte, «horrela, Busturialdeko gehiengo sozialaren eta politikoaren aurkakotasuna jasota gera dadin».
Agintariei eta aholkularitza-enpresako arduradunei partaidetzarako eta informaziorako sarbide zuzena eskatu zieten, «ahots guztien entzute erreala eta eraginkorra sustatuz eta, amaieran, herritarrek erabakitzen dutena errespeta dezatela».
EH BILDU: «HERRITARREN HITZA ERRESPETATZEA»
EH Bilduk «Busturialdeko herritarrak entzutea helburua duen edozein ekimen ongi etorria» dela adierazi zuen, nahiz eta berandu datorrela nabarmendu.
«EH Bilduko alkateok hasiera-hasieratik esan izan dugu tamainako proiektu honek herritarren oniritzia behar zuela, eta ezin daitekeela eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duen proiektu bat planteatu aurretik herritarrak entzun gabe», azaldu zuten.
«Modu positiboan baloratzen dugu, halaber, Agirre Center Fundazioak egindako planteamendua. Entzuketa prozesua gidatzeko enkargua jaso duen fundazioak epe ertaineko prozesua aurreikusten du, bidean Busturialdeko mila herritar inguru elkarrizketatuta. Gure ustez, prozesu honek eskualdeko argazki on bat izateko aukera emango digu eta aukera bat izan daiteke gobernantza ereduan jauzi bat emateko, eredu parte-hartzaile eta gardenago baterantz», esan zuten.
«Hala ere, gaurko bileran Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariei adierazi diegun bezala, zuhurtziaz hartu dugu aurkeztu diguten entzute prozesua eta hainbat zalantza sortu dizkigu. Alde batetik, beti esan dugun moduan, entzuten zaionari bermea eman behar zaiolako entzundakoa kontuan hartuko dela. Entzute prozesua zintzoa bada, herritarren gehiengoaren iritzia errespetatu beharko da eta zalantzan jartzen dugu prozesu hau aurkeztu duten erakundeak horretarako prest dauden», gaineratu zuten. Alde horretatik, oraindik zehaztu ez den egitasmo bati buruzko entzuketa-prozesua abiatzea kezkagarritzat jotzen dute.
Horrekin batera, EH Bilduk kontraesan bat nabarmendu zuen: Etxanobek entzuketa-prozesua egiten den bitartean museoaren egitasmoa ez dela etengo adierazi izana kontraesankorra dela, hain zuzen.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
