GARA
DONOSTIA

Itsas energien sektorearentzako proba-banku berria Pasaian

Kimua enpresak itsas energiaren sorkuntza-instalazioei zuzendutako jasotze-soluzioak ekoitzi eta probatzeko 3.500 metro koadroko espazio berria ireki du Pasaiako portuan. Mota honetako Europako saiakuntza-bankurik handiena da.

Kimua enpresak atzo aurkeztu zuen instalazioa.
Kimua enpresak atzo aurkeztu zuen instalazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako Kimua enpresak itsas energiaren sorkuntza-instalazioetarako jasotze-soluzioak ekoitzi eta probatzeko 3.500 metro koadroko espazio berria ireki du Pasaiako portuan, offshore energia berriztagarrien itsas mapan duen posizionamendua indartzeko.

Industria arloko osagai handiak instalatu, mantendu eta manipulatzeko ingeniaritza-soluzioen garapenean espezializatuta dagoen konpainiak hiru milioi euro inbertitu ditu guztira saiakuntza-banku bat eta ekoizpen-lantegi bat eraikitzeko. Pasaiako portuko dartsenako kai batean duen kokapenari esker, enpresak itsasoz erantzun ahal izango die Siemens Gamesa, Nordex Acciona, Vestas eta General Electric eta halako bezeroek merkatu eolikoaren arloan dituzten behar eta erronkei.

«Azpiegitura honekin aurrea hartu diegu itsas sektore eolikoaren eskakizunei; izan ere, sektoreak dituen osagai gero eta handiago eta astunagoek gero eta ahalmen handiagoko soluzioak behar dituzte eta garrantzizko erronka logistikoak planteatzen dituzte garraiorako», nabarmendu zuen Iñaki Oreja Kimuako Managing arloko zuzendariak.

Atzo, Kimuak Basajaun Testing Site saiakuntza-bankua inauguratu zuen, eta bertan izan ziren Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Andoitz Korta Lakuako Gobernuko Industria Sustatzeko sailburuordea eta Joakin Telleria Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea. Ekitaldian izan ziren, halaber, enpresa osatzen duten 60 langile inguru.

Bere hitzaldian, Gipuzkoako diputatu nagusiak ziurtatu zuen Aldundiak «irmoki» babesten dituela enpresen «garapena eta berrikuntza» eta, azpimarratu zuen Basajaun eta Kimua Port Pasaiako Portuan martxan jartzea Gipuzkoako enpresa sarearen «indar berritzailearen adibide argia» dela.

«Kimuak, I+Grako duen gaitasunari eta etorkizunerako duen ikuspegiari esker, Europako azpiegitura handiena sortu du estandarizatu gabeko igogailu-soluzioak probatzeko, eta arrakastaz egin die aurre itsasoko sektore eolikoaren erronka handiei», adierazi zuten inaugurazioan.

«Mugarri horrek indartu egiten du Gipuzkoak hornikuntza-kate globalean duen lehiakortasuna, eta balioa ematen die gure enpresa-sarearen gaitasunei, bai eta enplegua sortzen duten eta jasangarritasunaren erronkari laguntzen dioten asmo handiko proiektuak sortzeko gaitasunari ere», gaineratu zuten aurkezpenean. Era berean, Kimuak Pasaiako Portuaren alde egindako apustua eskertu zuen, «dibertsifikazio eta hazkunde ekonomikoari» laguntzen diolako, lurraldearentzako «funtsezko azpiegitura» baterako aukera sortuz.

EUROPAKO HANDIENA

5.100 tonako karga-ahalmena eta 2.000 metro koadroko azalera izanik, Basajaun Testing Site tamaina handiko jasotze-soluzio bereziak probatzeko beren-beregi diseinatutako Europako saiakuntza-banku handiena da.

Portuan bertan eraiki eta 1.500 metro koadroko guztizko azalera izango duen KIMUA Port ekoizpen-lantegi berrian ekoitzi beharreko jasotze, manipulazio eta instalazio elementuen funtzionamenduaren egiazko baldintzak simulatu ahal izango dira.