Jon GARMENDIA
Idazlea

5657

Itzal gehiegi dago ilunpeetan. Beltzuneak komisariako orduetan. Argi gutxi sartu da inguru horretan. Bai azken gerran eta baita aurrekoetan ere, hau da, etsaiak errespeturik baduen ala ez duen preso hartu duenarekin erakusten hasten da. Bere benetako aurpegia hori da, atxilotu duenarekin daukan jarrera. Behintzat, historia liburuak eskuetan hartu nituenetik hortik ulertu dut gerra askoren kontua; ez dakit guk bizi izan duguna historia bilakatuko ote den, baina torturarena oso isilik, ezkutuan eta gordeta egon da hemen.

900 torturatuk itzalpetik argira ekarri nahi dutela gaia adierazi dute Donostian. 5657 da buruan gelditu zaidan zenbakia, funtsean hauxe izan da asteburu honen nire lerroburua, eta sakon hartu dut arnasa. Bazen garaia!

Hemen zerbait hasten baita. Behingoz eta behingoagatik bukaeraraino ailegatzeko, sufritu duenak ez dezan sufrimendu gehiago izan, sinismen edo sinesgarritasunez ez dadin ahanzturaren putzuan erori. Lotsaizuna, auzolotsa eta dauden lotsa guztiak biltzen dituen basakeria bati hitzak eta aurpegiak jartzeko.

Gai honekin zerikusirik ez duen Xalbadorren bertso batek argitu ninduen ni atzo, eta deiadarka kantatzeko desira bete nuen. Hala dio: «Ene denboran ez dut pasatu halako memento txarrik, nolaz etzuen nehork hauteman nik han egin deiadarrik, galbideko dei samin guziek etzuten egin indarrik, oihanak ito zituen eta han egon nintzan bakarrik».