Olagarroaren eta bidelariaren amarrutik salbu, pantera arrosen bigarren txapela
Erkiaga eta Ibarluzeak bigarrenez irabazi dute Winter Series txapelketa (15-10 eta 15-12). Ispasterkoaren hirugarren txapela da. Laduche eta Mancik, estrategiaz, lortu zuten apur bat estu hartzea bikote faboritoa, baina ezin izan zuten ezustekorik eman.

«Aritzekin atzean jokatu eta aurrean pilota biziarekin tanto» egiteko amarrua ongi ikasita kantxaratu ziren Laduche eta Manci, Getariako olagarroa eta Mutrikuko bidelaria -“correcaminos baten irudiarekin egin zituzten kamisetak mutrikuarraren lagunek-. Pantera arrosak, aldiz, eskarmentua pilatuta, apenas utzi zien ezustekorako aukerarik. «Iazkoari jarraipena emanda», pilotalekua goraino beteta -«gero eta jende gazteagoa dator»- eta joko gutxi baina tentsio handiko finala osatuta, «pozik» agertu zen Aritz Erkiaga, “the panther of Ispaster”.
Winter Serieseko hirugarren txapela eskuratu zuen aurrelari bizkaitarrak; lau edizioetatik hiru irabazi ditu, azken biak Ion Ibarluzea sendo batek bizkarrak ondo zainduta. Urrats bat aurrera egin du markina-xemeindarrak. Iaz, Erkiagarekin irabazteko presioa askatuta, nortasunez irabazi du eta atzeko koadroetan hazi egin da. Atzo akats bakarra egin zuen partida osoan.
GIRO EDERRA
Final handi bateko tentsioa bizi izan zen atzo Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Pilotakada gutxi, txiroa jokoz, tarteka tanto ikusgarriak eta harmailak goraino beteta. «Zoragarria», «sekulakoa»... Irabazle edo galtzaile, puntista guztiek bukatu zuten harmailetara txalo eginez.
Oro har, bikote erregularrena izan da Erkiagak eta Ibarluzeak osatutakoa, eta atzo jokatutako finalean ere halaxe izan zen. Laduche eta Manciri jarraitutasuna falta izan zitzaien. Estrategiaz eta argitasunez egin zituzten zenbait tanto baina, honen ostean, di-da batean, Ispasterko maisuak beste irakasgai bat sinatzen zuen frontisean, izan hormabiko bitartez edo moztuta. Txokoa apenas erabili zuen, agian Mutrikuko bidelariaren erreakzioaren beldurrez -berriz ere metro gehien egin zituen puntista izan zen, 4.455, guztira 26 esprint osatuta, Ibarluzeak baino 17 gehiago-.
Getariako olagarroak ere defentsa on bat erakutsi zuen -batez ere bigarren jokoan, lehenbizikoan arinegi ibili zen, xisterarekin ezin asmatuta-, baina honen aurrean areagotu egiten zen Ispasterkoaren ezkutuko samindura, erreparorik gabe errematatuz edo intentzio osoz txik-txak bilatuz. Soilik horrela ulertu daitezke Erkiagaren 17 egindako, Laduchen 10en aurrean.
Bi jokoetan urdinak irabazten hasi ziren, baina modu oso ezberdinean. Lehenbizikoan ezker paretan min eman zuten, oraindik ere lau puntistak jokoan sartzeke zeudela (3-4). Hankak fresko zituela ere erakutsi zuen Erkiagak, markagailua irauli eta kantxan agintzen hasteko (6-4).
«Une gakoetan Aritzek asmatu egin du», onartu zion Mancik GARAri partida osteko elkarrizketan. Mutrikuarrak berak ondo landutako tanto batean -Erkiagaren defentsa ona eta honen oldarraldiari erantzunda-, xisteran pilotak bote eman ziola-eta, 9-8 izan zatekeena 10-7 bilakatzea ere kolpea izan zen.
Nolanahi ere, ohikoak ez dituzten beste zenbait akats pilatu zituzten urdinek -mutrikuarrak hiru akats segidan egin zituen lehen jokoaren bukaeran, bikotekide Laduchek xistera hautsita zuela-, eta hauek erabakigarriak izan ziren partidaren bilakaerarako.
Bigarren jokoan ere 3-4 aurreratu ziren, ausardia gehiagorekin lortu zuten 4-6koa jartzea ere. Baina, finalak finalaren tankera hartu zuenean, publikoak ere tanto bakoitza zutik ospatzen zuenean, eskarmentua eta maisutasunak gidatuta, aldea zabaltzen azkarrenak eta eraginkorrenak pantera arrosak izan ziren. Urdinak hurbildu bakoitzean, arrosek bere zigilua uzten zuten, edozein ezustekori bidea eragotzita (11-10 egin ostean, 13-10era; 13-12 egin ostean, 15-12ra).
Azken hatsa bota arte borrokatu behar izan zuten, 13-11koan Erkiagak saihetsean min hartuta, arnasa hartzea ere kostatzen zitzaiola, partida gehiegi nahasi aurretik jakin baitzuten amaitzen, erraz, esperientziaz, maisulanez.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
