Hizkuntza indoeuroparren historiako katebegi galdua aurkitu dute DNA zahar batean
EHU parte den lan batean, K. a. 6400 eta 2000 urteen arteko Eurasiako 435 gizakiren DNA ikertuz, aspaldiko galdera baten erantzunera hurbildu dira: nondik datoz hizkuntza indoeuroparrak?

Hizkuntzen sustraiak ezagutzeko, K. a. 6400 eta 2000 urteen artean bizi izandako Eurasia osoko 435 gizakiren DNA aztertu dute. Ikertzaileetako bat Iñigo Olalde izan da, EHUko BIOMICs taldeko Ikerbasque Research Fellow eta Ramón y Cajal ikertzailea. “Nature” aldizkarian plazaratu den lan honek aurkikuntza interesgarriak ekarri ditu. Honakoa, besteak beste: Kaukaso-Behe Volgako populazio bat, oraintsu identifikatutakoa, hizkuntza indoeuropardun herri guztiekin lotu daiteke.
Hizkuntza indoeuroparrak 400dik gora dira, eta haien hiztunek munduko populazioaren ia erdia osatzen dute. Talde garrantzitsuak daude haien artean, hala nola germaniera, erromantzea, eslaviera, indo-iranera eta zeltera. Hizkuntza protoindoeuroparretik datoz denak.
Aurretik egindako ikerketa genetikoek frogatuta zutenez, Jamna kultura (K. a. 3300-2600) K. a. 3100 urte ingurutik Europara zein erdialdeko Asiara hedatu zen. Horrek azaltzen du “estepako jatorria” agertu izana Europa osoko populazioetan. Uste orokorra da ziurrenik migrazio horien bitartez hedatu zela hizkuntza indoeuroparra. Ordura arte estepako jatorririk ageri ez zuen hizkuntza indoeuroparren adar bakarra anatoliera zen, eta haren barruan, hitita.
ERAGIN HANDIA
Artikulu berriak dioenez, aurreko ikerketetan ez zen aurkitu estepako arbasorik hititen artean, eta horren arrazoia da hizkuntza anatoliarren sorburua izan zela orain arte behar bezala deskribatua egon ez den gizatalde baten hizkuntza. Populazio hori eneolitikoa zen —K. a. 4500 eta 3500 urteen artean datatu da— eta Ipar Kaukasoko eta Behe Volgako mendien arteko estepetan bizi izan zen.
Oraintsu identifikatutako Kaukaso-Behe Volgako populazio hori iturri genetikotzat erabili denean, aro hititaren aurreko edo aro hititako Anatoliako bost gizakik gutxienez agertu dute eskualde horretako arbasorik.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»
