«Jaurlaritzak eman beharko lioke behin betiko onarpena, baina guri egokitu zaigu»
Lakuako Gobernuari dagokio txostenak onartzea eta proiektuei argi berdea ematea, baina Labrazako parke eolikoaren kasuan Oiongo Udalari egokitu zaio hori egitea. Proiektua araututa zegoenez, baiezko botoa eman behar izan diote osoko bilkuran, prebarikazioaren eta inhabilitazioaren beldur zirelako. Obrek aurrera egin dezaten baimena ematea falta da orain.

Labrazan parke eolikoa eraikitzeko plan berezia zalaparta artean onartu zuen Oiongo Udalak joan den astean. Lakuako Gobernuak eman beharreko baimen guztiak jasota, ezin dutela kontra egin adierazi zuen atzo Jose Manuel Villanueva alkateak (EH Bildukoa bera) NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Osoko bilkura istilutsuaren ostean, ez zuten aukerarik izan bertaratutakoekin patxadaz hitz egiteko, hautetsi independentistak horretarako prestutasuna eduki arren.
Alegazioak jarri zituen EH Bilduk bere garaian. «Horrelako haize errotak jartzeko eskatzen duguna da dena arautu eta ordenatzea. Behin araututa, esaten denaren arabera ikusiko da zein errota, zein distantzia eta zein altuerara ezarri», gaineratu zuen.
Alderdiari, Oiongo idazkari interbentoreari eta bufete bati eskatu zieten aholkua. Eragile horiek igorritako hiru txostenek gauza bera esaten zuten: «Urbanismoa oso desberdina da. Dena behar bezala araututa egonez gero, ezin genuen ezetz esan, behartuta geunden baiezko botoa ematera». Bestela, prebarikazioa eta inhabilitazioa etorriko lirateke atzetik, ohartarazi zuen.
Aurreko legegintzaldiko udal taldeak aurreraturiko lanak eta arautzea bera baldintzagarriak izan dira oraingo jardun politikoan, Villanuevaren esanetan. Arabako diputatu nagusiak orain esan du elkarren ondoan lanean aritu direla EH Bildukoak Iberdrolarekin, baina alkateak dio gezurra dela; legearen barruan lan egin dutela une oro. «Haiek dira enpresarekin aritu direnak», nabarmendu zuen.
Zortzi errota aurreikusten dira Labrazako parkean, 200 metrokoak. Burutu beharreko lanen inguruan, baina, informazio gutxi jaso du Villanuevak. Hori bai, susmoa du obra erraldoia izango dela; izan ere, errotak osatzen dituzten zutabeak eta hegalak garraiatzeko bakarrik bideak egokitu beharko dira, eta lan horien azken prezioa 50 milioi euro inguruan jarriko da. Ikusteke dago non jarriko dituzten errotak, lehenengo aerosorgailuek arazoak sortu ostean.
Prebarikazioaren mehatxua berriro piztu daitekeen galdetuta, alkateak esan zuen obrarako baimena eman behar dela oraindik, eta dena legearen barruan egotekotan ezin dutela ezezkorik eman. Plan bereziaren behin betiko kalifikazioa izango da gakoa. «Horrelako erabakiak izapide administratiboa dira; Eusko Jaurlaritzak txostenak eman eta onartu egiten ditu, baina gero guri dagokigu prozesua amaitzea. Eurek eman beharko liokete behin betiko onarpena, baina guri egokitu zaigu», kexatu zen.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
